14:14

Ekonomia

LEHEN SEKTOREAREN PROTESTAK

Euskal Herriko laborariek astearteko 10:00ak arte izango dute AP-8 autobidea blokeatuta Biriatun

EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, arratsaldean ez da aparteko auto-ilararik sortu mugan. Irunen ere ez da gorabehera aipagarririk izan, autoen joan-etorria handia izan bada ere.

0:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hego eta Ipar Euskal Herriko ehunka nekazari eta abeltzain Biriatuko mugan elkartu dira beren traktoreekin gaur goizean, eta mugaz bi aldetako zirkulazioa oztopatu dute. Azkenean, ordea, Iparraldeko traktoreekin moztu dute trafikoa bi norabideetan, Frantziako Poliziak Gipuzkoatik eta Nafarroatik zetozenak geldiarazi dituztelako. Hori dela eta, ibilgailuak Irunen utzi eta oinez igo behar izan dute autobidera.

Hasierako asmoa Biriatuko pasabidea 10:00etarako moztea bazen ere, auto ilarak eta agintarien debekuak tarteko, ez dute helburua lortu 10:20 arte.

Protestak 24 ordu iraungo du, astearteko 10:00ak arte, baina ez da baztertzen mobilizazioak mugagabe bihurtzea. Merkantzien zirkulazioa etengo dute mugan, baina bestelako ibilgailuei igarotzen utziko diete (autoak edo larrialdietako ibilgailuak, kasu). Hala ere, errei bakarra dago zabalik. 16:45ean, EAErako bidean ilarak "oso laburrak" ziren, kilometro erdi eskasekoak, Segurtasun Saileko iturriek eitb.eusi azaldu diotenez. 17:00etan, A-63an, berriz, Biriatutik Donibane Lohizuneraino (Lapurdi) iristen ziren ilarak.

Errepideetan egun korapilatsua izatea aurreikusten denez, protestak iraun bitartean, muga inguruan joan-etorriak saihesteko gomendatu dute agintariek.

Parte hartzaileek banderola erraldoia zintzilikatu dute Biriatuko ordainlekuan, "hemen hasten da Europako laborantzaren erresistentzia" zioen mezuarekin. Gainera, ohartarazi dute udazkenerako akordiorik edo jarrera aldaketarik ez bada, udazkenetik aurrera egun gehiagotan blokeatuko dutela mugako pasabidea.

arga

Argazkia: AFPren bideo batetik ateratako irudia

Estatu mailako plataforma independente eta elkarte asindikalek egindako protestara batu dira Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako Ataca, Bagea eta 6F nekazari taldeak ere. 06:00etan elkartu dira Beasainen eta Zarautzen eta bi zutabetan iritsi dira Astigarragara. Handik Irunera abiatu dira eta han elkartuko dira Nafarroatik eta Arabatik etorritako nekazari eta abeltzainekin. Iparraldeko laborariak, berriz, 08:00etan irten dira Beskoitzetik.

Deitzaileen arabera, nahita antolatu dituzte protesta hauek Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo diren asterako; izan ere, Europako arauak moldatzea dute helburu nekazariek. Besteak beste, inportazioko produktuen gaineko kontrol handiagoa izatea, bertako produkzioei lehentasuna ematea eta elikagaiak ekoizteko zergak murriztea lortu nahi dute mobilizazio hauekin.

"Europan sartzen diren elikagaien gaineko kontrol handiagoa" ere eskatzen dute, eta horiek behar bezala arautzea. Elikagai-katearen araudia berrituta, tokiko produktuak lehenesten dituen lege europarra aplikatzea ere nahi dute.

EFE

Traktoreak Biriatuko ordainlekuan. Argazkia: EFE

Biriatun ez ezik, deitzaileek trafikoa moztu dute Espainiako Estatuaren eta Frantziakoaren arteko beste zazpi puntutan.

Hala, goizean goizetik, AP-7 autobidea erabat itxita dago Jonqueran (Katalunia), Frantziarako noranzkoan, protestak direla eta.

Aragoin, elkartutako nekazariek indarrak batu dituzte frantziarrekin, eta N-330 errepidea moztea lortu dute Canfrancen, baita A-136 errepidea ere Portaleten.

Muga horretara autobus bat joan da manifestariekin, eta beste batzuk Somporteko pasabidera joan dira, Canfrancen. Bertara traktoreak ere iritsi dira. Portaleten, berriz, nekazari frantziarrak mobilizatu dira lanerako makineriarekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena