09:58

Ekonomia

Espainiako Gobernua

150 milioi euroko isuna ezarri diete Ryanair, Vueling, Easyjet eta Voloteari, kabinako maleta kobratzeagatik

Agentziak | EiTB Media

Espainiako Kontsumo Ministerioak ezarritako zigorra errekurritu daiteke, eta bide hori agortuta, auzitara jo dezakete konpainiek.

  • Ryanair konpainiako hegazkin bat, pistan

    Ryanair konpainiako hegazkin bat, pistan. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Kontsumo Ministerioak 150 milioi euroko isuna ezarri die kostu baxuko lau aire konpainiari —Ryanair, Vueling, EasyJet eta Volotea—, kabinako maleta kobratzeagatik, Ser irrati kateak aurreratu duen informazioaren arabera.

Kontsumo Ministerioko iturriek baieztatu dutenez, iazko udan zehapen espedienteak zabaldu zizkien kontsumitzaileen eskubideen aldeko hainbat elkarteren salaketaren ondotik.

Elkarte horiek aire konpainia horien abusuzko praktikak ikertzeko eskatu zuten, besteak beste, eskuko maleta kabinan eramatearen truke dirua kobratzea. Halaber, txartelaren prezioan sartu ohi ziren beste zerbitzu batzuengatik ere gainkostua ezartzen dute; adibidez, adin txikikoen edo menpeko pertsonen kasuan, beste bidaiari baten ondoan esertzeagatik. Halaber, aireportuetan eskudirutan ordaintzen ez uztea izan da beste arrazoietako bat, eta baita zerbitzuaren azken prezioari buruzko gardentasun falta ere.

Hala ere, Espainiako Kontsumo Ministerioak ezarritako zigorra ez da irmoa eta errekurritu daiteke. Behin bide hori agortuta, auzitara jo dezakete konpainiek.

Bestalde, Facuak gogorarazi du kontsumitzaileek eskubidea dutela gainkostu horiengatik ordaindutako dirua itzultzea eskatzeko.

Bidaiariak "behar ez dituzten" zerbitzuengatik ordaintzera "behartu" nahi dituztela salatu dute

Hegazkin konpainiak ordezkatzen dituen Aire Lineen Elkarteak (ALA) nabarmendu duenez, Kontsumo Ministerioaren erabakiak "kalte egingo die" zenbait zerbitzuren beharrik ez duten kontsumitzaileei.

Patronalak egindako kalkuluen arabera, 50 milioi bidaiari inguruk bidaiatzen dute kabinako maletarik gabe eta aulki azpian eramaten duten motxila txiki batekin bakarrik. Gauzak horrela, horiek ezingo dute "ezinbesteko zerbitzuengatik bakarrik ordaindu", eta erabiltzen ez dituzten zerbitzuak kontratatzera "behartuko" dituzte.

Kabinako maleta kobratzea praktika "guztiz legezkoa" dela defendatu du aipaturiko elkarteak, eta Europako legediak hegazkin konpainiei tarifak onartzeko askatasuna ematen diela gaineratu du.

Dena dela, ezarritako zigorren aurkako helegiteak aurkeztu daitezkeela gogoratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena