18:35

Ekonomia

Industria

Tubos Reunidosek bere eskaera-zorroa 2024ko bigarren seihilekoan berreskuratzea espero du

Agentziak | EITB Media

"Motel" bada ere, lan-karga igotzen doan heinean, konpainiak ahalik eta azkarren "altxatzea" espero du Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan indarrean dituzten aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak,berez uztailaren amaierara arte aurreikusiak.

  • Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia. Argazkia: EITB Media

    Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Azken bi ekitaldiak inoizko emaitzarik onenekin amaitu ostean, 2024a eskaera-zorro "egonkorrarekin" hasi du Tubos Reunidosek, baina "behar den kopuruaren azpitik"; izan ere, eskaera-zorro "nahikoa" gaur egun dutena baino " % 30-40" handiagoa izango litzateke, eta hori urteko bigarren seihilekoan lortzea espero dute.

Hala azaldu dute ostegun honetan Carlos Calvo konpainiako presidente ez-exekutiboak eta Carlos Lopez de las Heras kontseilari ordezkariak, Tubos Reunidosek Bilbon egin duen ohiko Batzar Orokorrean.

"Motel" bada ere, lan-karga igotzen doan heinean, konpainiak ahalik eta azkarren "altxatzea" espero du Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan indarrean dituzten aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak, berez uztailaren amaierara arte aurreikusiak.

Kontseilari ordezkariak gogorarazi duenez, 2023ko ekitaldia "ikusgarria" izan zen taldearentzat, 56,3 milioi euroko emaitza garbia lortu baitzuen, 2022an 43,5 milioi eurokoa izan ondoren; bestela esanda, ia 100 milioi euroko irabazi garbia plan estrategikoaren bi urteetan.

Emaitza horiek "beste maila batean jartzen gaituzte" eta "eta orain bi urte baino sendoagoa da Tubos Reunidos gaur", adierazi du kontseilari ordezkariak. "Mugarri industrialak eta 2020an oso urrun ikusten genuen posizionamendua lortu dugu", adierazi du.

Aurreko ekitaldian lortutako "mugarrien" artean daude konpainiaren altzairutegiak bateratzea (plan estrategikoaren ardatza eta deskarbonizazioaren aldeko urratsa) eta zor garbia 293 milioi eurotik 282 milioi eurora murriztea. Aurtengo urtarrilean ere zor hori murrizten jarraitu da, % 28ko jaitsierarekin, nahiz eta zorraren maila "nahi baino handiagoa" den oraindik.

Presidenteak Tubos Reunidosen lan-ildo nagusiak zerrendatu ditu batzarrean: konpainiaren egungo merkatuetan merkataritza-jarduera areagotzea; beste merkatu batzuk bilatzea, hala nola Asiako ekialdea eta hego-ekialdea; lehentasuna ematea "premium produktuei"; eta, trantsizio energetikoaren esparruan, emisio gutxiko produktuak ekoiztea, hazkunde-lerro berrien garapenean arreta jarriz, hala nola geotermian, hidrogenoan edo bioenergian. Konpainiak, gainera, AEBko oil & gaserako gaitasunak hobetu nahi ditu.

Bestalde, enpresako kontseilari ordezkariak nabarmendu duenez, AEB merkatu garrantzitsua dela Tubos Reunidosentzat, eta Donald Trump herrialdeko presidentetzara itzuliko balitz, eta hark inportazioei "ateak ixteko" pausoa eman, konpainiari behin-behineko kaltea eragingo lioke.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena