16:48

Ekonomia

Pentsioak

Pentsioen sistema osagarri publikoa ezartzea eskatu du LABek, borondatezko aurreikuspen planen ordez

EITB Media

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak eta Amanda Verrone sindikatuko politika publikoak aztertzeko arduradunak Bilbon aurkeztu duten "Haritik" txostenean jasotzen da eskaera, Euskal Herrirako pentsio-sistema publiko eta propio bat eratzeko trantsizio-neurri gisa.

  • Arroyo eta Verrone, ostegun honetan. Argazkia: LAB Sindikatua.

    Arroyo eta Verrone, ostegun honetan. Argazkia: LAB Sindikatua.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pentsio osagarrien inguruko proposamena egin du ostegun honetan LAB sindikatuak, eta Administrazioak kudeatuko lukeen enplegu publikoari lotutako sistema osagarri bat ezartzea babestu du, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) egungo eredu osagarriaren edo Espainiako Gobernuak bultzatutako enpleguko pentsio-planen ordez. 

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak eta Amanda Verrone sindikatuko politika publikoak aztertzeko arduradunek azaldu dutenez, sistema osagarri hori Euskal Herrirako pentsio-sistema publiko eta propio bat eratzeko trantsizio-neurri gisa aurreikusten da.

Arroyoren esanetan, Euskadin "BGAEak babesteko fronte moduko bat" sortzeko "saiakera" egiten ari dira patronala eta "EAJren bueltako" erakunde-eremua. LABek ez du BGAEen sistema ontzat hartzen eta, nabarmendu duenez, Madrildik sustatu nahi den eredua, enpleguari loturiko pentsio osagarriena, are okerragoa da". 

Ohartarazi duenez, LAB "ez da hor egongo", eta sindikatu abertzaleak duela bi urte BGAEen zuzendaritza organoak uztea erabaki zuela gogorarazi du, ereduak "porrot egin duelako, gehien behar duten pertsonen pentsioak duintzeko ez baitu balio izan".

Arroyoren ustez, eredua "ez da unibertsala, pentsioak osatzeko premia handiena dutenak sistematik kanpo geratu" direlakok. Halaber, ekarpenen kapitalizazio indibidualean oinarritzen den sistema izanik, "finantza-produktu bat gehiago izatea" ekarri du.

Horren aurrean, azpimarratu du LABek ez duela negoziazio kolektiboaren bidez "Borondatezko aurreikuspen planen eredua hedatzen lagunduko", eta ohartarazi du patronalak "interesa" izan dezakeela gai hori "amu moduko" gisa erabiltzeko, sistema osagarri hori hitzarmenen negoziazio-mahaietan proposatu eta bestelako elementu batzuk eskaini beharrik ez izateko, hala nola, soldata-igoerak. 

Era berean, sindikatua pentsio osagarri indibidualen aurka agertu da eta zerga-abantailarik ez izatea babesten du.

Horren aurrean, LABek enpleguari lotutako sistema osagarri "publiko, unibertsal eta birbanatzaile" bat artikulatzea aldarrikatzen du. "Uste dugu posible izan behar dela sektore arteko akordio baten bidez pentsioen eredu osagarri unibertsala sortzea, kontrol publikoa izango duena eta errenta baxuagoei ekarpena handiagoa egingo diena, errenta maila gutxitu ahala patronalaren ekarpena proportzionalki handituz", azaldu dute. 

Sindikatuaren proposamena LABek "Euskal Herrirako pentsioen sistema publiko eta propio baterantz" izenburupean zabaldu duen "Haritik" txostenaren azken argitalpenean jasota dago. Argitalpen horretan, halaber, Gizarte Segurantzaren kudeaketa EAEra berehala transferitzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eta pentsio-sistema aurrekontu publikoen bidez finantzatzea defendatzen da.

Halaber, alarguntza-pentsioa ordeztuko lukeen zaintza-lanengatiko konpentsazio-pentsio bat sortzea eskatu du sindikatuak. 

LABen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan hilean 1.080 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten 200.000 pentsiodun baino gehiago daude, eta horietatik ia % 70 emakumeak dira.

Soldatetean generoagatiko arrakala % 21etik gorakoa bada, desberdintasun hori % 38tik gorakoa da pentsioen kasuan. Bestela esanda, gizon pentsiodunek "emakume pentsiodunek baino 517 euro gehiago" kobratzen dute hilean, batez beste, LABen zenbakien arabera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena