09:05

Ekonomia

Langabezia

1.918 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn eta 602 gutxiago Nafarroan, apirilean

O. A. | EiTB Media

Hala ere, urte arteko datuak alderatuta, langabeziak gora egin du EAEn (+1.552), Nafarroan behera egin (-603) duen bitartean. EAEn milioi bat afiliatu baino gehiago daude, azken hilabetean 1.588 irabazita. Nafarroan 2.360 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak.

  • Langile bat kalean lanean

    Langile bat kalean lanean. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan behera egin du langabeziak martxotik apirilera, % 1,72 eta % 1,95, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera.

Lanbide EAEko enplegu zerbitzu publikoan 109.553 pertsona zeuden langabe gisa erregistratuta apirilean, martxoan baino 1.918 gutxiago. Nafarroan 602 langabe gutxiago zenbatu dituzte apirilean, eta guztira 30.241 dira lanik gabe daudenak.

Urte arteko datuak alderatuta, EAE da Melillarekin batera langabeziak gora egin duen autonomia erkidego bakarra. 2023ko apirilaren aldean, 1.552 langabe gehiago daude, hau da, % 1,44 gehiago. Nafarroan % 1,95eko jaitsiera izan da, hau da, 603 langabe gutxiago.

EAEko hiru lurraldeetan jaitsi da langabeen kopurua aurreko hilaren aldean: Araban 61 langabe gutxiago (% 0,32), Gipuzkoan 576 gutxiago (% 1,94) eta Bizkaian 1.281 gutxiago daude (% 2,04). Aitzitik, Bizkaian eta Gipuzkoan igo egin da langabeen kopurua iazko datuekin alderatuta, 882 (% 1,45) eta 919 langabetu gutxiago (% 3,26) izan baitira, hurrenez hurren. Araban, aldiz, iaz baino 249 lagun gutxiago zeuden lanik gabe (-% 1,31).

Sektore guztietan jaitsi da langabezia EAEn, baina batez ere zerbitzuetan (-1.358), industrian (-150), eraikuntzan (-93), eta nekazaritza eta arrantzaren sektorean (-80).

Espainiako Estatuan % 2,2 behera egin du langabeziak, eta aurreko hilabetearekin alderatuta, 60.503 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe. Hala, 2.666.500 langabe daude, 2008ko irailetik erregistratutako kopururik txikiena.

Afiliazio eta kontratazio datuak

Afiliazioari dagokionez, EAEn, apirilean, 1.013.716 afiliatu zeuden Gizarte Segurantzan, hau da, martxoan baino 1.588 gehiago (+ % 0,16), Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera.

Halaber, 2023ko apirilean baino 16.473 kotizatzaile gehiago daude iaz baino % 1,65 gehiago.

Kontratazioari dagokionez, apirilean 55.372 kontratu berri sinatu dira EAEn, eta horietatik 13.565, % 24,5, ia lautik bat, mugagabeak izan dira.

Nafarroan 2.360 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak, % 0,77 gehiago martxotik, eta 308.174 dira kotizatzen dutenak. 2023ko apirilarekin alderatuta, 4.405 afiliatu gehiago daude, hau da, % 1,45 gehiago.

Espainiako Estatuari dagokionez, lehen aldiz 21 milioi pertsona baino gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda, hilabete bakar batean 199.538 afiliatu irabazita. Urte arteko eboluzioari dagokionez, % 2,36ko igoera izan da, hots, 486.516 pertsona.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak azpimarratu duenez, Gizarte Segurantzako afiliazioaren errekor berriak enplegu gehiago eta hobearen lurzorua finkatzen du.

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak azaldu duenez langabezia sektore, adin tarte, lurralde eta gizon eta emakumeen artean jaitsi da.

Halaber, Gurpeguik nabarmendu du berriro ere 110.000 langabeen "langatik" behera jaitsi dela, eta hori gertatu dela, hain zuzen ere, jarduera tasak gora egin duen unean.

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, langabezia datua 2008ko apiriletik izandako onena dela azpimarratu du. Halaber, afilizioari buruzko datuak inoizko onenak izan dira Nafarroan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena