Ekonomia
EITB DATA
EITB Media
Bizkaia da etxebizitza turistiko gehien dituen lurralde historikoa: 2.000tik gora. Gipuzkoa da bigarrena, oso gertu, 1.000 biztanleko bederatzi plaza baititu.
EAEn eta Nafarroan dauden pisu turistikoak.
Hego Euskal Herrian 5.844 etxebizitza turistiko daude, urteko sasoi batzuetan egiten diren alokairu laburrei dagozkienak. Baina zer eragin du kopuru horrek turismo eta etxebizitzen sektoreetan?
Bizkaian daude gehienak (2.307), biztanle gehien dituen lurraldean. Hala ere, Gipuzkoa ez du oso urrun (2.000), udalerri askoren garrantzi turistikoa dela eta. Nafarroan 1.340 etxebizitza turistiko daude, eta Araban 197 baino ez.
Udako oporraldietan erabiltzen diren etxebizitzak beti egon dira, batez ere kostaldean, baina orain aukera zabaldu egin da. Etxebizitza horietako asko, lehen oharkabean pasatzen zirenak, orain etxebizitza turistiko gisa erregistratuta geratzen dira, eta turistentzat ikusgarriagoak eta irisgarriagoak dira, oporrak online alokatzeko plataformei esker.
Etxebizitza horiek hotelen, ostatuen eta landa-ostatuen eskaintza turistikoa osatzen dute, eta bidaiarientzako aukera guztien herena dira. Eskaintza turistikoan duten eragina oso txikia da Nafarroan (% 23) eta txikia EAEn (% 33,2).
Foru erkidegoaren ratioa Espainiako erkidego guztien rankingaren maila baxuenean dago. Euskal Autonomia Erkidegoa Madrilen, Kanarien eta Balearren mailan dago, hau da, hotel tradizio handiko hiru autonomia erkidegoren pare. Horregatik dute etxebizitza turistikoek pisu txikiagoa sektore osoan. Kantabria (% 46,4) edo Asturias (% 40,8) aztertuz gero, EAEren antzeko helmugatzat hartuta, datuak ehunekotan aztertuta, biak daude gainetik.
Esan bezala, etxebizitzen pisua sektore turistikoan desberdina da. Hein handi batean, udalerri bakoitzean aurretik hotelek edo apartamentu turistikoek duten pisuaren araberakoa da. Horrela, zenbait udalerri txikitan, plaza turistiko guztiak (% 100) dira etxebizitza turistikoak. Udalerri handiagoetan eta barnealdean, landa-ostatuak dauden tokietan, etxebizitza turistikoen portzentajea txikiagoa da.
1.000 biztanleko zenbat ohe dauden ikustea etxebizitza turistikoetan eragina neurtzeko beste modu bat da. Hego Euskal Herriko datuak Estatuko (1.000 biztanleko 36,1 ohe) batezbestekoaren oso azpitik daude: 9,8 ohe Nafarroan eta 9,2 EAEn.
Beste muturrean uharteak daude. Balearretan, ratioa 137koa da, eta Kanarietan, 85,1ekoa. Beraz, horiek gizartean duten eragina bat dator sektoreak jarduera ekonomiko orokorrean duen pisuarekin: % 40 inguru uharteetan, eta % 7 eta % 5,5eko pisua BPGan Nafarroan eta EAEn, hurrenez hurren.
Argazkia hurbiltzea eta udalerriei erreparatzea komeni da, ratioak oso desberdinak baitira. Hiriburuen artean, Donostiak 30,6 ohe ditu 1.000 biztanleko. Azpitik daude Bilbo (11,6) eta Iruñea (11,5), eta gainetik, 40 eta 50 ohe artean, kostaldeko lau udalerri: Bermeo, Zarautz, Hondarribia eta Lekeitio. Zenbaki horiek erakusten dute etxebizitzen kopurua eta inpaktua udalerriaren espezializazio turistikoaren araberakoa dela.
Eragina askoz ere handiagoa da udalerriko biztanleriak behera egiten duen heinean; kasu, Mundaka (192,9), Bakio (103,7) eta Luzaide (348,7). Udalerrien "tamaina txikiaren efektua" da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa