Ekonomia
Maiatzak 1
EITB MEDIA
ELAk milaka lagun bilduko ditu 'Antolatu, borrokatu, irabazi' lelopean Bilboko eta Iruñeko manifestazioetan.
Mikel Lakuntza eta Ane Zelaia. Argazkia: @ELAsindikatua
ELAk 'Antolatu, borrokatu, irabazi' lelopean ekingo dio aurtengo maiatzaren 1ari, mezu argi eta zuzena emanez. Hala laburbildu du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan, Ane Zelaia sindikatuko kidearekin batera.
Egoera sozioekonomikoa laburbiltzen duten lau gai nagusi daudela gogorarazi du idazkari nagusiak: enpresen etekinen igoera, lan eta bizi baldintzen okertzea, gobernuen konplizitatea eta ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatibo falta.
Horren aurrean, Lakuntzak politika publikoen orientazio desberdin bat defendatzen du. "Aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra lehia politikoa, soziala eta sindikala egitea da, enpresen interesen eta botere ekonomikoen aurka. Borroka hori saihestea langileek behar dituzten aldaketak saihestea da", adierazi du.
Lakuntzaren arabera, "egungo politikekiko oposizioan eman beharko lirateke adostasunak ezkerrean, alternatiba sozial, feminista eta ekologista defendatzeko".
"Langile klasearentzako lorpenak ez datoz ez erakundeetatik, ez elkarrizketa sozialerako mahaietatik; antolakuntza kolektiboak eta borroka sindikalak bakarrik ahalbidetzen digute aurrera egitea", azpimarratu du Lakuntzak, eta "ondorioa agerikoa da: borroka sindikal gehiago eta greba gehiago, hitzarmen gehiago eta hobeak.
Bestalde, Ane Zelaiak gogorarazi du maiatzaren 1a "mundu hobe bat irudikatzeko eta konprometitzeko urteroko hitzordua" dela, eta horretarako "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazistak eragiten dituen ondorio tragikoez jabetu behar gara".
Horregatik, ELAk maiatzaren 1ean Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu du (11:30ean, Jesusen Bihotza plazatik eta Gurutzeko plazatik).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa