17:33

Ekonomia

Lan-gatazka

Udalak Bilbobuseko langileei esan die Biobiderekin duen kontratua hiru hilabeteren buruan baliogabetuko duela

Agentziak | EITB Media

Bilboko Udalak greba mugagabea bertan behera uzteko eskatu dio enpresa-batzordeari, baina beharginen ordezkariek baztertu egin dute aukera hori, "akordioa itxi arte".

  • Bilbobuseko beharginen protesta. Argazkia: EFE

    Bilbobuseko beharginen protesta. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilboko Udalak Bilbobuseko enpresa-batzordeari jakinarazi dio zerbitzuaren enpresa emakidadunarekin, Biobiderekin, duen kontratua hiru hilabeteko epean baliogabetuko duela. Greba mugagabea bertan behera uzteko eskatu dien beharginen ordezkaritzari. Langileen ordezkariek aukera hori baztertu dute, enpresa-batzordeak baieztatu duenez.

Astelehenean, batzordeak eta Bilboko Udalak bilera tekniko bat egin zuten, Udalak eskatuta. Bilera horretan, lan-gatazka hori izan zuten hizpide. Gatazka duela hilabete batzuk hasi zen.

Hainbat lanuzte partzialen eta 24 ordukoen ostean, enpresa-batzordeak greba mugagabea hastea erabaki zuen, astelehenetik ostiralera, eta apirilaren 9an hasi zen, Bilbobuseko langileen lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin, 2021etik ez baitute hitzarmena eguneratu.

Enpresa-batzordeko presidenteak, Jose Fernandezek, adierazi du bilera horretan Udalak adierazi ziela kontratua baliogabetuko zela, eta horretarako gehienez hiru hilabeteko epea egongo zela. Ondoren, kontratu iragankor bati bide emango litzaioke, behin betiko erabakia hartu arte. Bestalde, lizitazio berri bat izan daiteke, baina oraindik ez dago zehaztuta.

Fernandezek azaldu duenez, Udaletik esan zieten, beraz, denbora behar zutela eta greba bertan behera uzteko eskatu zieten. Hala ere, beharginen ordezkariek baztertu egin zuten aukera hori, baina negoziatzeko prest agertu ziren, gatazkari irtenbideak bilatzeko.

"Beharrezko diren bilerak izango ditugu" helburu horrekin, baina greba mugagabeak "akordioa lortu arte" jarraituko du, esan du Bilbobuseko enpresa-batzordeko presidenteak.

Bestalde, azpimarratu du batzordea autobusetan sabotajeak egitearen eta gutxieneko zerbitzuak ez betetzearen "guztiz kontrakoa" dela, eta berretsi du ez dagoela justifikatuta.

Nolanahi ere, Jose Fernandezek gaineratu du "oso erraza" dela "errua besteari botatzea", eta salatu du mobilizazioen azken hilabeteetan "beste alde batera begiratu" dela, "zerbitzuaren % 70 kendu eta saboteatu delako hilabeteetan".

Astelehenean, Biobidek, Bilbobuseko enpresa emakidadunak, salatu zuen hainbat sabotaje egin zitzaizkiela autobusei gutxieneko zerbitzuak betetzea eragozteko. Hala, zehaztu zuenez, lanaldi horretako goizeko txandan funtzionamenduan egon behar zuten 38 ibilgailuetatik soilik 5-10ek zerbitzua eman zuten.

Besteak beste, salatu zuen sei autobus zeudela beirak hautsita eta beste bi gurpilak zulatuta, pintura bota zutela eta biniloak jarri zituztela kristaletan eta ibilgailu batzuen barruan, eta 65 korronte-deskonektagailu lapurtu zituztela.

Bilboko udal autobus zerbitzua Biobidek (ALSA-Transitia) ematen du, eta beharginek uste dute murrizketak aplikatzen ari direla lanpostuak amortizatzean, aldi baterako kontratuak sinatzean eta soldata osagarriak murriztean, hitzarmena bete gabe.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena