07:55

Ekonomia

Erretiro partziala

EAEko administrazio publikoko langile finkoek eskuragarri dute errelebo kontratua, gaurtik aurrera

AGENTZIAK | EITB MEdia

Jaurlaritzak gutxiengo sindikalarekin (CCOO eta UGT sindikatuak) sinatu zuten atzo akordioa. Horri esker, lan kontratuko 700-800 behargin finkok erretiro partziala hartu eta lanaldia murriztu ahalko dute, euren ordez beste pertsona bat kontratatuta.

  • Hainbat pertsona lanean, Jaurlaritzako egoitzan.

    Hainbat pertsona lanean, Jaurlaritzako egoitzan. Argazkia: Irekia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAEko administrazio publikoko lan kontratuko behargin finkoek (700 bat dira) eskuragarri dute gaurtik errelebo kontratua, atzo Eusko Jaurlaritzak eta gutxiengo sindikalak (CCOO eta UGT) izenpetutako akordioa tarteko. ELA eta LAB, ordea, akordiotik kanpo geratu ziren. 

Ituna Administrazioaren Mahai Orokorrean sinatu zuten atzo aipatu bi aldeek. Kontratu mota horrekin, 62 urte eta erdi baino gehiagoko langileek erretiro partziala hartu eta lanaldia murriztu dezakete. Hain justu, beste behargin bat kontratatzen da murriztutako ordu horiei dagokien lanaldia egiteko.  

Neurria ez dago eskuragarri behin-behineko langileentzat edota funtzionarioentzat. Horixe izan zen, hain justu, sindikatu abertzaleak akordiora ez biltzeko arrazoia. 

ELAren eta LABen sinadura lortu nahian, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen kontratuon luzatzea eta gehiengoz ez bazen, neurria onartuko ez zuela ohartarazi zuen. Azkenean, ordea, aurreko urteetako eskema bera errepikatu da (CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin onartu dute). 

Jose Maria Armentia Funtzio Publikoko sailburuordeak azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak une oro eutsi dio negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondateari. Hala ere, errelebo kontratuaren kasuan, zenbait sindikaturen jarrera ez da arduratsua izan. Ez dugu uste arduratsua denik Gobernuaren aurkako jarrera hartzea Euskal Administrazioko langileen mesederako diren akordioak babesik gabe utziz, ezta Jaurlaritza higatu nahi izatea jarduera sindikalaren berezko lana bere gain hartu gabe".

CCOO: "Aurrerapausoa da"

Ituna sinatu ostean egindako adierazpenetan, pozik agertu zen Iñigo Garduño CCOOren Arlo Publikoko koordinatzailea. Horren ustez, errelebo kontratuaren luzatzea "aurrerapausoa" da, plantilla gaztetzeko eta enplegua sustatzeko tresna bat delako. 

Garduñok gogorarazi zuenez, aurreko urteotan ere bi sindikatu horien babesarekin atera da aurrera neurria. 

Era berean, azpimarratu zuen lanean jarraituko dutela aukera hori administrazio publikoko behargin guztien esku egon dadin (gaur-gaurkoz langile laboral finkoei bakarrik aplikatzen zaie). 

ELAk eta LABek, kritiko, ez dute sinatu

ELA eta LAB akordiotik kanpo geratu dira, beste behin. ELAren esanetan, Jaurlaritzak "akordioa lortu gabe" ere bermatu behar du langileen erretiro partziala. "Eskubide hori badago aitortuta jada Mahai Orokorraren akordioan eta beste hainbatetan ere bai".

Era berean, LABek "langileak kaleratzen saiatzea" eta errelebo kontratua negoziatu nahi ez izatea egotzi dio Gobernuari.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena