Krisi Ekonomikoa
Hirugarren erkidegoa
Kataluniak 5.000 milioi euroko erreskatea eskatu dio Gobernuari
Erredakzioa
Mariano Rajoyk baietza eman dio autonomia erkidegoari. Presidentea irailaren 20an bilduko da Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearekin.
Kataluniako gobernuak Erkidegoentzat Likidazio Funtsararekin bat egitea eskatu dio Gobernuari eta 5.023 milioi euroko mailegua eskatu du. Hala ere, ez duela "baldintza politikorik" onartuko aurreratu du, "baliabide horiek kataluniarrenak direlako".
Horixe adierazi du Francesc Homs Kataluniako gobernuko bozeramaileak.
Katalunia da zor handiena duena
Erreskate Funtsari egindako eskaera formalak agerian utzi du Generalitatearen diru falta. Espainian, Katalunia da zor handiena duen autonomia erkidegoa, 42.000 milioi euro baino gehiago zor ditu (bere BPGren % 21), eta defizita % 3,9tik (2011ko datua) % 1,5era murriztu beharko du aurten.
Homsen arabera, 5.000 milioi euro horiekin, Kataluniako Gobernuak "itundutako defizit maximoa betetzeko borondatea" duela erakusten du. Barne Produktu Gordinaren % 1,5eko defizita itundu zuen Espainiarekin, eta "lortzea zaila" izango dela aitortu du bozeramaileak.
Halere, ez ditu murrizketa gehiago baztertu; Homsen hitzetan, "bizi ditugun momentu hauetan, inork ezin du ezer baztertu". Horrez gain, ez du bonu txikizkari gehiago igortzea baztertu.
Oraingoz, Homsek ez du zehaztu osasunarekin, hezkuntzarekin eta erakunde sozialekin dituzten zorrak kitatzeko egutegia zein izango den; "ahal bezain azkar" ordainduko dutela adierazi du.
Hirugarren erreskate eskaera
Valentziak lehenik, eta Murtziak ondoren eskatutako erreskateen ostean, Katalunia erreskatea eskatzen duen hirugarren erkidegoa da. Autonomia erkidegoentzako likidazio funtsak 18.000 milioi euro ditu.
Espainiak baietza eman dio erkidegoari
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak beste autonomia erkidegoekin egin duen bezalaxe, Kataluniari laguntza emango diola baieztatu du.
Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidentearekin batera eman duen prentsaurrekoan esan ditu hitzak. Horrez gain, Rajoyk onartu du bazekiela Kataluniak likidezia arazoak zituela.
"Beste erkidegoak lagundu ditugun bezala, lagunduko dugu Katalunia" esan du presidenteak, baina aurretik, guztiek –Gobernu zentralak, autonomiek eta Udalek- zorra eta defizitarekin bete beharko dute.