Ekonomia
ERRENTA AITORPENA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zergadunek apirilaren 8tik aurrera onartu ahal izango dute aitorpen-proposamena "rentafacil" modalitatean. Aurrez aurreko arreta apirilaren 16an hasiko da.
Arabako Ogasuna. Argazkia: Arabako Foru Aldundia.
Arabako errenta eta ondarearen kanpaina, 2023ko ekitaldiari dagokiona, datorren apirilaren 8an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da. "Rentafacil" proposamena eginda duten zergadunek apirilaren 8tik aurrera eskuratu ahal izango dute Egoitza Elektronikoaren bidez, proposamena egiaztatu eta onartzeko edo, hala badagokio, aldatzeko, alokatutako higiezinen etekinei, ohiko etxebizitzaren alokairuagatiko kenkariari eta dohaintzengatiko kenkariari buruzko informazioa gehituta.
Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du apirilaren 16tik ekainaren 16ra egin ahal izango direla Egoitza Elektronikotik kanpo egiten diren "rentafacil" proposamenen berrespenak.
Halaber, apirilaren 8tik aurrera, "rentared" modalitateko aitorpenak aurkeztu ahal izango dira, hau da, zergadunek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Laguntzen Programaren bidez egindako aitorpenak.
"Rentaraba" eta "rentared" modalitateak bidaltzeko, baliozkoak izango dira IZENPEk emandako BAK eta BAKQ identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak, bai eta egoitza elektroniko horretan baliozkoak diren beste edozein ziurtagiri digital ere.
Aholkularitzek eta gestoriek beren bezeroen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenak "rentaraba" modalitatean aurkeztu ahal izango dituzte apirilaren 8tik aurrera.
Foru Ogasunaren Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak egiteko aurrez aurreko arreta apirilaren 16an hasiko da.
Aldundiak jakinarazi duenez, doako zerbitzu hori zergadun guztientzat dago eskuragarri, 2023an jarduera ekonomiko batean aritu direnentzat, ohiko etxebizitza saldu dutenentzat, alokairu turistikora bideratutako higiezinak izan dituztenentzat, higiezinak eta akzioak saltzeko hiru eragiketa egin dituztenentzat edo kotizatu gabeko merkataritza-sozietateen partaidetzak saldu dituztenentzat izan ezik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa