Ekonomia
Lan-gatazka
EITB Media
ELAk, LABek eta Steilasek lanuztearen "jarraipen zabala" nabarmendu dute, eta "lan-baldintza duinak dituen beste unibertsitate-eredu baten alde borrokan" jarraituko dutela esan dute. Gainera, martxoaren 12ko greba babestea eskatu dute.
Bilboko mobilizazioa. Irudia: Steilas
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek EHUko irakasle eta ikertzaileen artean deitutako grebaren "jarraipen zabala" nabarmendu dute. Asteazken honetan bigarren greba eguna deitu dute kolektibo horretan, eta mobilizazioak izan dira EAEko hiru hiriburuetan.
Ohar batean, sindikatuek azaldu dutenez, ikastetxeetan eragin desberdina izan duen arren, guztietan "oso nabarmena" izan da. Zentroak irekita egon dira, baina jarduera akademikoa "oso urria izan dute", eta gogorarazi dute teknikari, kudeaketa eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, plantillaren laurdena, alegia, ez zeudela grebara deituta.
Sindikatuek adierazi dutenez, Gasteizko Lan Harremanen, Hezkuntza eta Kirolaren, Ekonomia eta Enpresaren, Gizarte eta Komunikazio Zientzien, Psikologiaren, Hezkuntzaren, Filosofia eta Antropologiaren, Kimikaren, Informatikaren, Ingeniaritzaren eta Zuzenbidearen fakultateetan "ia ez da eskolarik eman". Halaber, EHUko irakasleen zein ikertzaileen parte-hartzea "oso handia" izan da Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan.
Grebarekin, sindikatuek zehaztu dutenez, aldarrikapenen zerrenda bat jarri zuten mahai gainean, bai EHUko zuzendaritzarentzat, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat, eta, zerrenda horretan, ordezko irakasleen arazoak "berebiziko garrantzia zuen, unibertsitateko irakasle horiek pairatzen duten prekarietatearen larritasunagatik".
Hala ere, sindikatuek salatu dutenez, "ez da aurrerapausorik eman arazoaren muinari heltzeko, hartu dituzten erabakien ondorio kaltegarriei adabakiak jartzera mugatuz".
Sindikatuek azaldu dutenez, urteak daramatzate "lan-baldintzak okertzen", eta "nahikoa da" esan nahi izan dute, "lan-kargak handitu egin direlako azken urteetan", eta datorren ikasturtean martxan jarriko den irakaskuntza antolatzeko Jardun sistema berriarekin are gehiago handitu egingo direla aurreikusi dute.
Gainera, prozedura askotan "burokratizazioa itogarria" dela salatu dute, beharginen "ezegonkortasuna oso handia" dela eta, gainera, "kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituztela, egoera are gehiago okertuz".
Adierazi dutenez, "beste unibertsitate eredu baten alde borrokatzen jarraituko dute, euskal gizartearen zerbitzura, langileen lan-baldintzak duinak izan daitezen". Horregatik, ostegun honetako lanuzteaz gain, martxoaren 12an EHUko irakasle eta ikertzaileei eta gainerako langileei sektore publikoko grebarekin bat egiteko deia egin diete.
Bestalde, EHUko Prekarioen Koordinadorak, irakasle eta ikertzaile ordezkoak biltzen dituen kolektiboak, ere nabarmendu du grebaren "jarraipen zabala", ikastetxe gehienetan jarduera akademiko "oso murritza" izan baita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa