Ekonomia
Brusela
Ehunka traktorek Brusela blokeatu dute EBko Nekazaritza ministroen bilera baliatuta
EITB Media
Manifestarietako batzuek gurpilei eta lasto fardoei su eman diete, sute txikiak eraginez. Nekazarien ordezkari talde bat Janusz Wojciechowski Nekazaritza komisarioarekin eta Belgikako arlo horretako ministroarekin bildu da eguerdian.
Europar Batasuneko hainbat herrialdetatik iritsitako 900 bat traktorek Brusela blokeatu dute gaur Europar Batasuneko (EB) Nekazaritza ministroen bilera probestuta.
Otsailaren 1ean antzeko mobilizazio bat egin zuten, eta 1.000 traktorek Brusela trabatu zuten. Orduan bezala, orain zama burokratikoaren, merkataritza askearen eta ingurumen araudi zorrotzen kontra egin nahi dute protesta.
Arazoak egongo zirela aurreikusita, inguruko kale nagusiak trafikora itxi dituzte, metro geltokiak zarratu eta EBko erakunde nagusietarako sarbidea debekatu dituzte.
Nekazariek gurpilak eta lasto fardoak bota dituzte errepidera eta su eman diete, barrikada gisa. Polizia ur txorroekin ari da erantzuten; gainera, euria ari duenez, ez da sute handirik piztu.
Suhiltzaileak, piztutako suteak amatatzen. EFE
Eguerdi aldera, EBko agintariek (Janusz Wojciechowski Nekazaritza komisaria eta David Clarinval Belgikako Nekazaritza ministroa) nekazarien ordezkaritza bat hartu dute Batzordearen egoitzan.
Bien bitartean, EBko 27 ministroak bilduta daude 10:00etatik lehen sektorearen haserrea baretzeko neurriak eztabaidatzen hasteko. Gaurkoan ez da funtsezko erabakirik espero, eta joan den astean iragarritako hainbat proposamen izango dituzte hizpide. Izan ere, ekainean dira Europako hauteskundeak, eta nekazariak lasaitzeko hainbat neurri proposatu ditu Europako Batzordeak.
Bruselak planteatutakoaren artean, kontrol jakin batzuen metodologia sinplifikatzea dago, administrazio nazionalek ustiategietara egiten dituzten bisiten kopurua % 50eraino murrizteko. Gainera, azken asteetan, Europako Batzordeak beste neurri batzuk iragarri ditu protestei erantzuteko, hala nola pestiziden erabilera murrizteko lege-proiektua kentzea, 2024an lugorria partzialki indargabetzea edo Ukrainako inportazioen aurrean erreakzionatzeko babesak sartzea.