16:31

Ekonomia

Garraio publikoa

Lurraldebusek marka historikoa jarri du 2023an 26,4 milioi bidaiarekin, 2019an baino % 4,41 gehiago

Eitb Media

Ibilbide luzeko lineei dagokienez, Donostia eta Bilbo arteko loturak % 21,55 egin du gora, eta milioi bat bidaia baino gehiago egin ditu lehen aldiz. Loiuko aireportuarekiko konexioak, berriz, % 18,35 egin du gora, 350.000 bidaia inguru eginez.

  • Lurraldebuseko autobusak, aparkalekuan. Irudia: EITB Media

    Lurraldebuseko autobusak, aparkalekuan. Irudia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lurraldebusek 26,4 milioi bidaiarekin itxi du 2023a, hau da, 2022an baino % 15,04 bidaia gehiago eginda, 22.958.468 bidaia zenbatu baitziren orduan. 2019ko datuekin alderatuz gero, % 4,41eko hazkundea izan du, orain arteko erregistroaren arabera 25,3 milioi bidaiarena baitzen marka hoberena. Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuaren ustez, "garraio publikoaren erabilerak pandemiaren aurreko zifrak berreskuratzeaz gain, nabarmen hobetu dituela islatzen dute datu horiek".

Hazkundea ibilbide luzeko lineetan

Dominguezen hitzetan, garraio publikoaren erabilerak gora egin du lurraldeko "eskualde guztietan". Ibilbide luzeko lineei dagokienez, Donostia eta Bilbo arteko loturak % 21,55 egin du gora, eta milioi bat bidaia baino gehiago egin ditu lehen aldiz (1.069.018). Loiuko aireportuarekiko konexioak, berriz, % 18,35 egin du gora, 350.000 bidaia inguru eginez. Azkenik, gehien hazi den linea Donostia eta Gasteiz lotzen dituena izan da, % 26 igo baitira bidaiak, ia 450.000 bidaia zenbatuta.

Hiri barneko autobusen erabilera areagotu egin da

Lurraldebusen erabilerari buruzko datuak hiri barruko autobusen bidaien hazkundeekin osatzen dira; izan ere, batzuen eta besteen artean, Gipuzkoak 59,2 milioi autobus bidaia erregistratu zituen 2023an, 2022an baino % 15,7 gehiago, 51,2 miloi autobus bidaia izan baitziren orduan. Nabarmendu duenez, Donostian Dbusek 29,6 milioi bidaiarekin itxi zuen urtea, hau da, % 16,05eko hazkundearekin.

Eluska Renedo GGLAko zuzendari nagusiarekin batera, Dominguezek "gipuzkoarrek garraio publikoari ematen dioten babesa" azpimarratu du, "departamentu honek Lurraldebus zerbitzu erosoa, segurua eta kalitatezkoa izateko egin duen apustuaren emaitza baita, eta, horrela, Gipuzkoa lurralde jasangarriagoa ez ezik, demokratikoagoa ere izan dadin laguntzen du, erabilera saritzen duen tarifa-sistema batekin, eta kolektibo behartsuenak kontuan hartzen ditu bere hobariak aplikatzeko orduan, inor atzean gera ez dadin".

"Ordutegiak zabaltzeak, puntako orduetan zerbitzuak indartzeak eta asteburuetan edo udako denboraldian zerbitzua hobetzeak, martxan jarri diren laguntza ugariez gain, erraztu egin dute herritarrek gehienbat garraio publikoa erabiltzearen alde egitea", jakinarazi du.

Horrez gain, PSOEren Espainiako Gobernuak eta Sumarrek bultzatutako politika aipatu du, "eskumena duten tokiko administrazio publiko guztiek osatuta, Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzeko bultzada izan baitira". "Zerbitzua hobetzen eta demokratizatzen jarraitzeko lanean jarraitu behar dugu, Gipuzkoako herritar guztiek garraio publiko jasangarria izan dezaten eta ibilgailu pribatuaren ordez zerbitzu hori aukeratzea errazteko", adierazi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena