12:21

Ekonomia

TXOSTENA

Gehien eskatzen eta ondoen ordaintzen diren lanbideak: industria-ingeniaritzak eta IKTei lotutako profilak

EITB MEDIA

LKS Next aholkularitza-enpresak egindako txostenaren arabera, 2023an soldata igoera handiena izan zuten lanpostuak ingeniaritzekin, informatikarekin eta mekatronikako goi-mailako zikloekin zerikusia zutenak izan ziren.

  • Irudia: EITB Media

    Irudia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAEko enpresek gehien eskatzen eta ondoen ordaintzen dituzten lanbideak industria ingeniaritzarekin eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin (IKT) lotura dutenak dira. Zehazki, ondorengo profilak bilatzen dituzte, batik bat: industria proiektuetarako buruak, ikerketa eta garapen adituak, teknikari elektronikoak, Key Account Manager (enpresa baten funtsezko kontuak kudeatzeaz arduratzen den profesionala), erosketa-arduradunak edo informatika-analistak.

LKS Next aholkularitza-taldeak Euskadiko Soldaten Gidaren seigarren edizioa aurkeztu du gaur Bilbon. EAEn ohikoenak diren ia 90 profil profesionalen urteko ordainsari finko gordinei buruzko datuak biltzen ditu, eta baita lanpostuei eskatutako ezaugarriak eta gaitasunak ere. Besteak beste, nabarmentzekoa da industria-ingeniaritzako graduak dituzten pertsonek eta informazioaren teknologia berriei lotutako profilek batez bestekotik gorako soldata igoerak izan zituztela iaz ere.

Zuzendaritza nagusiaren postutik hasi eta administrazio laguntzailerainoko urteko batez besteko soldaten rankinga erakusten du txostenak. Ondorengoak dira, nabarmenenak: zuzendari nagusiaren urteko soldata gordina 267.289 euro; medikua, 52.337 €; 'cloud' ingeniaria, 49.003 €; sistema informatikoen analista, 48.177 €; produktuen teknikaria, 46.584 €; ikertzailea, 38.322 €; fabrikazioko ofiziala, 26.199 €; eta administrazio-laguntzailea, 25.432 €.

Gidaren aurkezpenean, Ander Sansinenea LKS Next enpresako Pertsonen Aholkularitza arloko zuzendariak nabarmendu du azken urtean "Euskadin 2023an soldatak KPIaren gainetik igo zirela, aurreko urteetan erosteko ahalmenean izandako galera konpentsatuz". Era berean, 'Harreman Iraunkorraren Kontzeptua' izeneko aldagaiaren garrantzia nabarmendu du. Esan duenez, ordainsariaz harago, langileak motibatzeko beste modu bateko estrategiak kontuan hartzea da "geroz eta beharrezkoagoa da".

Azkenik, mahai gainean jarri duen beste gakoetako bat telelana da. "Telelana egin dezaketen euskal profesionalek gero eta eskaintza gehiago jasotzen dituzte beste herrialdeetatik, Danimarka edo Estatu Batuetatik, adibidez, hango soldatekin lana egiteko", adierazi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena