13:06

Ekonomia

SOLDATAK

Gutxieneko soldata 1.134 eurotara igo du Espainiako Gobernuak eta PFEZ zerga ordaintzetik salbuetsita utzi du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Igoerak 2,5 milioi langileri eragingo die zuzenean Estatu espainiar osoan, horietako gehienak gazteak eta emakumeak.

  • Montero, Alegria eta Diaz, gaurko agerraldian.

    Montero, Alegria eta Diaz, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lanbide arteko gutxieneko soldata % 5 igotzea, 1.134 euroraino (14 ordainsari), onartu du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Igoera hori 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin aplikatuko da.

Urtarrilean adostu zuen igoera Lan Ministerioak CCOO eta UGTrekin. Igoerak 2,5 milioi langileri eragingo die zuzenean Estatu espainiar osoan, horietako gehienak gazteak eta emakumeak. CEOE eta Cepyme patronalek ez zuten bat egin itunarekin. 2018tik, % 46,8 igo da lanbide arteko gutxieneko soldata, hilean 344,1 euro.

Horrez gain, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) araudiaren moldaketa bat onartu dute gaurko bileran, eta ondorioz, zerga hori ordaintzetik salbuetsita geratuko dira gutxieneko errenta jasotzen duten herritarrak. Igo egin dute gutxieneko kopurua: 15.876 eurotik beherako soldatei ez zaie atxikipen hori ezarriko.

Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Maria Jesus Montero lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak azaldu du zerga-araudia egokitzeko errege-dekretu bat  onartu dutela, eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko dutela. "Gutxieneko soldata jasotzen duen herritar bakar batek ere ez du PFEZ zerga ordainduko", gehitu du. 

Bere aldetik, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak azpimarratu du "Espainia herrialde hobea" dela gaurtik. "Soldata-arrakala murrizten duen neurria da. Genero ikuspegitik eragin oso garrantzitsua duen neurria da. Ordainsarietan alde handiak dituen herrialde batean, desberdintasuna murriztera datorren neurria da", gaineratu du. Dena dela, onartu du Europako soldatekin parekotasuna lortzeko oraindik lan asko dagoela egiteko.

Halaber, Ministroen Kontseiluak % 0,5eko soldata-igoera gehigarria onartu du langile publikoentzat, 2023rako.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena