21:17

Ekonomia

LEHEN SEKTOREA

UAGA Arabako nekazarien sindikatuak traktore martxa deitu du hilaren 7rako, Gasteizen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

UAGAk ere bat egin du lehen sektorea Europan egiten ari den protestekin, nekazarien frustrazioa eta ezinegona erakutsi eta politika eraginkorrak eskatzeko.

  • Iruñean traktoreekin egindako protesta baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Iruñean traktoreekin egindako protesta baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

UAGA Arabako nekazarien sindikatuak protesta deitu du hilaren 7rako Gasteizen, Bizkaiko EHNEk eta ENBAk hilaren 9rako Bilbon deitutakoaren antzera.

UAGAk ohar batean azaldu duenez, kideei entzun ondoren, mobilizazio-egutegi bat antolatzea erabaki du, eta ekitaldi nagusia otsailaren 7an izango da. Egun horretan, traktore martxa bat egingo dute Gasteizko kaleetan zehar, Eusko Jaurlaritzaraino.

Traktoreak otsailaren 6an, asteartea, iritsiko dira Arabako hiriburura, 10:00ak eta 11:00ak bitartean, eta Jundizko industrialdean bilduko dira. Hiriburuko aparkaleku batean emango dute gaua, asteazken goizean Eusko Jaurlaritzara bidean ilaran irteteko. Manifestua irakurriko dute bertan, eta, ondoren, Jundizko industrialdera itzuliko dira, bertan lan egiten duten plataforma logistikoen aurrean protesta egiteko.

UAGAk ere Europako protestekin bat egitea erabaki du, beraz. Hauek dira Arabako nekazarien aldarrikapenak:

- Egungo NPB (EBko nekazaritza politika) malgutzea eta sinplifikatzea, "gehiegizko burokraziak kostu onartezinak dakarzkielako nekazari eta abeltzain profesionalei, eta ez dutelako aukerarik ematen ingurumen arloko helburuak betetzeko".

- Elikadura Katearen Legea aldatzea eta zabaltzea, nekazarien prezioek ekoizpen-kostuak estaltzeko jardunbide desleialak debekatzeko.

- AICA Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak atzemandako arau-hausteei ezartzen zaizkien isun ekonomikoak arau-hausteen larritasunaren araberakoak izatea eta kontrolatzeko baliabideak handitzea.

- Nekazaritza-sektoretik kanpoko eragileek zein inbertsio funtsek lurrak espekulaziorako erostea geldiaraztea, baita nekazaritza-lurretan energia berriztagarriak instalatzea eragoztea ere.

- Merkataritza libreko akordioen negoziazioak berehala bertan behera uztea, Mercosur kasu, ezin baita "Europako ekoizleok ditugun eskakizun berak betetzen ez dituzten hirugarren herrialdeetako produktuak sartzen utzi".

- Euskadin, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari Nekazaritza eta Abeltzaintza Sail propioa berreskuratzea eskatzen diete, eta familia-nekazaritza ereduen aurka doazen makroproiektuak ez sustatzea.

"Gizarteak entzutea eta lehen sektorea ezinbestekoa dela kontzientziatzea" nahi dute mobilizazioekin. "Bertako elikagaiak ekoizten ditugu, landa-ingurunea, mendiak eta naturguneak zaintzen ditugu. Lehen sektorerik gabe gure herriak hil egiten dira", azaldu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena