Ekonomia
Lan istripuak
Agentziak | EITB Media
LABek, ESK-k, STEILAS-ek, EHNE/ETXALDEK eta HIRU-k gaixotasun psikosozialak eritasun profesionaltzat hartzeko eta lan-ikuskatzaileen kopurua ugaritzeko eskatu diote administrazioari, besteak beste.
Ordezkari sindikalak, txostena aurkezten. @LABsibndikatua
Guztira 59 pertsona hil ziren 2023an Hego Euskal Herrian lan-istripuan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE/ETXALDE eta HIRU sindikatuek ostegun honetan prentsaurrekoan zabaldu duten txostenaren arabera.
59 lagun horietatik, 20 istripu ez-traumatikoetan hil ziren; 9 kolpeen eta harrapaketen ondorioz; 7 'in itinere'; 6 altueratik erorita; 3 intoxikazioengatik; eta 3 laneko eraso edo suizidioengatik.
Aipatutako sindikatuen arabera lan-istripuetarako sektore 'kritikoena' industria izan da (18 hildako), ondoren garraioa (10), azpikontratatutako langileen sektorea (9) eta eraikuntza (6).
2024ko lehen hilabetean 13 heriotza izan dira, eta horrek goranzko joera adierazten du, iturri beraren arabera.
Azpimarratu dutenez, zifra ofizialen arabera 33 dira lanean hildako beharginak; izan ere, sindikatuen arabera, administrazioak "enpresek eta mutuek emandako datuak jotzen ditu baliozkotzat", eta ez ditu, esaterako "in itinere" gertatutako heriotzak zenbatzen, "ez direlako laneko heriotzatzat hartzen".
Gaixotasunei dagokienez, txostenak erakusten du gaixotasun psikosozialak "gero eta ohikoagoak" direla, batez ere sektore feminizatuenetan, eta egoera horrek "heriotza ez-traumatikoen hazkundea" eragiten duela.
Sindikatuek nabarmendu dute mutualitateek ez daukatela gaixotasun psikosozialik aitortuta lan-kontingentzia gisa, eta kritikatu dute konpainia horiek "enpresa-elkarteak" direla, eta "iruzurra" eragiten dutela "lanbide-gaixotasunen azpi-erregistro lotsagarri batekin".
Adibide gisa aipatu dute, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, minbizi guztien % 30-40 lanetik eratorriak izan daitezkeela; heriotza guztien % 20 baino ez direla istripu traumatikoek eragindakoak, eta % 80 laneko gaixotasunek eragindakoak.
Horregatik, gaixotasun psikosozialak profesionaltzat hartzeko, lan-ikuskatzaileen kopurua ugaritzeko eta, "hertsapen-kanpaina gogor" baten bidez, patronalaren "zigorgabetasunarekin" amaitzeko eskatu diote sindikatuek administrazioari, beste neurri batzuen artean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa