12:01

Ekonomia

Gasteizko Udala

Gasteizko aurrekontuak onartu dituzte, PSE-EEk eta EAJk EH Bildurekin egindako itunari esker

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Sozialisten eta jeltzaleen aldeko botoak, EH Bilduren abstentzioa eta PP eta Elkarrekin alderdien kontrako boza jaso du 485,9 milioi euroko aurrekontuak.

  • Gasteizko udaletxea

    Gasteizko udaletxea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gasteizko Udalak 2024ko aurrekontuak onartu ditu gaur, PSE-EEk eta EAJk oposizioko indar nagusi EH Bildurekin adostutako akordioari esker.

Hain zuzen ere, sozialisten eta jeltzaleen aldeko botoak, EH Bilduren abstentzioa eta PP eta Elkarrekin alderdien kontrako bozak jaso ditu 485,9 milioi euroko aurrekontuak.

27 zinegotzitik 12 dituzte PSE-EEk eta EAJk, hots, gutxiengo dira Udalean. Horregatik, oposizioko talderen baten babesa behar dute aurrekontuak onartzeko, eta koalizio abertzalearen 7 zinegotzien botoa lortu dute oraingoan.

EH Bilduk 12 milioi euroko zuzenketak aurkeztu zituen, bost gairekin lotuta: adinekoen arreta hobetzea, etxebizitza publikoa alokairura bideratzea, enplegua sustatzea eta merkataritza lokalak dinamizatzea, eraldaketa energetikoa bizkortzea (mugikortasun jasangarria bermatuz) eta Iradier Arena eraberritzea.

Hiru alderdien artean etxebizitzarekin, trantsizio energetikoarekin eta enpleguarekin lotutako kontuak hitzartu dituzte. Adibidez, 2 milioi euro bideratuko dituzte zenbait auzotan etxebizitza komunitarioak eraikitzeko; 850.000 euro, etxebizitzaren udal parkerako; beste 850.000 euro, enplegua sustatzeko eta hiriaren dinamizaziorako, eta 500.000 euro, adinekoen jantokietarako.

Udalaren aurrekontuak aurrera atera badira ere, Arabako Aldundian ez da gauza bera gertatu. Han ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengorik, eta aurrekontuak atzeratu behar izan dituzte, ez dutelako oposizioaren babesik jaso.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena