05:00

Ekonomia

Gerrak eta ekonomia

Prezio altuak, beldurra eta ziurgabetasuna, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gerrek utzitako faktura

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Otsailean bi urte beteko dira Ukrainako gerra hasi zenetik. Ekialde Hurbilean, bestalde, Israel eta Hamasen arteko gatazka zabalduko denaren beldurra areagotzen ari da. EITB Mediak gatazka hauek gure ekonomian duten eraginaz hausnartu nahi izan du.

  • Prezio altuak, beldurra eta ziurgabetasuna dira gerrek utzitako faktura. Irudia: EITB Media.

    Prezio altuak, beldurra eta ziurgabetasuna dira gerrek utzitako faktura. Irudia: EITB Media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gerrek beti uzten dituzte ondorio ekonomikoak haietan parte hartzen duten herrialdeetan. Mundu globalizatu honetan, ordea, nazioarteko harreman ekonomikoak ditugunez, planetako puntu batean gertatzen den zerbaitek handik ehunka mila kilometrora izan ditzake ondorioak.

Iñaki Fernandez de Gamboa ekonomialari eta Maren Consulting-eko aholkulariaren hitzetan, bi gatazka hauek gure ekonomian izan dituzten eragin nagusiak "prezio altuak, beldurra eta ziurgabetasuna" izan dira.

Euskal familia eta enpresa askok gaur egun daukaten gasturik handienetakoa dira hipotekak edota finantza-kredituak dira. Euriborra, maileguen kuotak kalkulatzeko eurogunean erabiltzen den indizerik ohikoena, negatiboan egotetik % 4,16ko maila hartzera igaro zen 2023ko urrian, 2008tik izan duen mailarik altuena. Igoera azkar horren ondorioz, batez besteko hipoteka aldakorren kuotak 340 euro inguru garestitu dira. Gauza bera gertatu zaio enpresa askori hartu dituzten maileguekin.

Horri lotuta, hipoteken izenpetzea jaisten joan da hilero 2022ko abendutik. Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako datuen arabera, 2023ko urtarriletik azarora, batez beste, aurreko urteko aldi berean baino % 16 gutxiago sinatu zen.

Euriborraren gorakadak lotura estua izan du, gerrak eragin zuen inflazioari aurre egiteko Europako Banku Zentralak 2021eko uztailetik egin duen interes-tasen igoerarekin.

EBZren helburua inflazioa % 2tik behera mantentzea izan da. Hala ere, 2022ko udan % 10,8an kokatu zen Espainian eta % 8,9an eurogunean, gasaren, elektrizitatearen, erregaien edota ordura arte Errusiatik eta Ukrainatik inportatzen ziren nekazaritza-produktuen (zerealak, ekilore-haziak, nekazaritzarako pestizidak eta abar) prezioek jasan zuten igoera basatiak eramanda. Energiaren prezioek gehiengo historikoak gainditu zituzten behin eta berriz 2022ko udaberri eta udan eta, ondoren, beste hainbat produkturen prezioetan ere izan zuten eragina. Hain zuzen ere, OCU kontsumitzaileen elkarteak salatu duenez, erosketa saskia % 30,8 garestitu da bi urtean.

Prezioen igoera bortitza izan zen ondorio nabarmenena. Argazkia: EITB Media.

Prezioen igoera bortitza izan zen ondorio nabarmenena. Argazkia: EITB Media.

Alabaina,  EBZren neurriek, LPEEren erabakiek eta gobernuek hartu zituztenel (salbuespen iberikoa, hobariak, BEZaren murrizketak...) inflazioa arintzen lagundu zuten eta jaisten joan da, joan den abenduan % 3,1era iritsi zen arte.

Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak argi utzi zuen tasak igotzen jarraituko zuela inflazioari borroka irabazi arte, eta hala egin zuen hamar aldiz segidan, harik eta % 4,50ean ezarri zituen arte, azken 20 urteetako mailarik altuenean. Urritik maila horretan mantendu du eta momentuz, gainera, ez dute jaitsiera aurreikusten, ez dutela "horretarako egutegirik" jakinarazi dute.

Inflazioa, diruaren prezioa eta ziurgabetasuna gorabehera, euskal ekonomiak nahikoa ondo eutsi dio gerraren denboraleari, azken bi urteetan BPGa eta enplegua hazi egin baitira.

Euskal ekonomiak eutsi die gerren ondorioei. Argazkia: EITB Media.

Euskal ekonomiak eutsi die gerren ondorioei. Argazkia: EITB Media.

Fernandez de Gamboa ekonomialariaren hitzetan, "landaratze leuna" izan da gertatutakoa, alegia, ekonomia pixkanaka hozten joan da, bat-batean gelditu gabe. Bere ustez, lurreratze arin horren eraginez hurrengo urteko hazkundea ere txikia izango da.

Ildo horretan, EAEko ekonomialarien % 42k uste du euskal ekonomiak okerrera egingo duela 2024an, azken Ekonometroak plazaratutako datuen arabera. Horrez gainera, Laboral Kutxaren azken txostenaren arabera, EAEko enpresek hurrengo seihilekoari (2024ko lehen erdiari) buruz duten ikuspegiak okerrera egin ditu. Konfiantza indizeak behera egin du 3,5 puntu eta 45,9an jarri da, azken bost hiruhilekoetako baxuena izan zen.

Beldurra itzuli da

Izan ere, udazkenaren hasieran, ekonomian adituak direnak itxaropentsu agertu ziren etorkizunarekin, baina Ekialde Hurbileko eta Itsaso Gorriko gatazkak gerren beste eraginetako bi areagotu egin du: beldurra eta ziurgabetasuna. Israel eta Hamasen arteko gerrak eta Yemengo huthien miliziek Suezko kanalera doazen merkantzia-ontziei egindako erasoek alarmak piztu dituzte.

Oraingoz, gatazkak ez du eragin nabarmenik izan euskal enpresek Israelen dituzten negozioetan, eta CAF edo Tubacex bezalako enpresek ohiko jarduerarekin jarraitzen dute. Ondorio nagusiak horniduren atzerapena -kautxo falta Michelinen- eta ontzi-enpresen tarifen garestitzea izan dira, horietako askok kontinente afrikarra inguratzea erabaki dutelako, yemendarren erasoak saihesteko.

Alabaina, beldur nagusia gerra denboral luzatzea edota eremu osora zabaltzea da, tartean Iran, Amerikako Estatu Batuak edota Erresuma Batua sartuz. Zentzu honetan, gainera, albisteak ez dira onak; Jordania eta Siria inguruan hiru soldatu estatubatuar hil ondoren, tentsioak gora egin du.

Ondorio militarrez gainera, litekeena da hurrengo hilabeteetan Asiatik itsas-garraio bidez inportatzen diren produktuen prezioak igotzea, baita Ekialde Hurbiletik inportatzen diren petrolio eta gasarena ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena