Ekonomia
DONOSTIA
EITB MEDIA
Lanen helburua konpainiaren elektromugikortasun-beharrak asetzea da, Donostiako flotan % 100 elektrikoak diren autobus berriak sartzeko.
Zero isuriko flota batek instalazioetako azpiegitura elektrikoa berritzea eskatzen du. Dbus.
Astelehen honetan hasi ditu Dbusek kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatzeko lanak, eta, horri esker, % 100 elektrikoak diren autobus berriak sartu ahal izango dira.
Lanen helburua konpainiaren elektromugikortasun-beharrak asetzea da, Donostiako autobus-flotaren elektrifikazio-prozesuan murgilduta.
Konpainiak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Dbus zero emisioko flota bihurtzeko, "ezinbestekoa da instalazioetako azpiegitura elektrikoa eraldatzea".
Gaur egun, flotako 4 autobus % 100 elektrikoekin kotxetegietako hartune elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen da. Horregatik, esan dute "beharrezkoa dela linea elektriko baten trazadurari ekitea Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik kotxetegien inguruetaraino, 1,5 kilometro inguruko distantzian, non sekzionamendu zentro bat egongo den". Sekzionamendu zentrotik zuzeneko hornidura elektrikoa banatzen hasiko da, transformazio zentroetatik igaroz.
Eraginak
Obrak 4 hilabete inguruko iraupena izango du, eta bizilagunei ahalik eta gutxien eragiteko, lanak egingo dituen enpresa esleipendunak (EDS Ingenieria y Montajes S.A.U. eta Altuna y Uria S.A.) obra zatika egitea proiektatu du, zati bakoitzaren iraupena gehienez 5 egunekoa izanik.
Gune hauek eragingo ditu obrak: Alkolea pasabidea, Egia kalea, Aldapa kalea, Tolaregoia kalea, Gabriel Aresti pasealekua, Ametzagaña kalea, Polloe plaza, Sibilia kalea, eta Fernando Sasiain.
Obra gaur hasi da, Txurkoene kalean, 11 eta 19 zenbakien artean. Horretarako, obra zuzendaritzak jakinarazi du lanak egiten diren egunetan, gutxi gorabehera aparkaleku batzuetan eta alboko espaloian nabarituko dela lanen eragina. Galtzada eta etxebizitzetarako sarbidea, berriz, erabat libre geratuko dira.
Urtarrilaren 29ko astean, Txurkoene kaleko beste zatia egingo da, hau da, 1 eta 11 zenbakien arteko zatia. Lehen zatian bezala, obrek aparkalekuei eta alboko espaloiari eragingo diete. Galtzadari eta etxebizitzetarako sarbideari ez diete batere eragingo.
Obrek aurrera egin ahala, eta kaltetutako guneetara hurbildu ahala, gutun bat bidaliko zaie auzokoei, obren iraupena eta eraginak jakinarazteko, Txurkoene kaleko bizilagunekin egin
den bezala. Gainera, auzokideren batek zalantzaren bat izanez gero edo informazio gehiago nahi izanez gero, enpresa esleipendunak harremanetarako telefono bat emango du jakinarazpen horretan.
Flotaren elektrifikazioa
Kotxetegiak elektrifikatzeko prozesuaren lehen fase honetan, kargatzeko hartune guztiak egingo dira, guztira dauden 119 aparkaleku plazetaraino.
Aurten bertan hasiko dira autobus % 100 elektriko gehiago sartzen, instalazioen elektrifikazio lanak amaitu ondoren. Zehazki, konpainiak iragarri du 2024an 12 metroko 23 autobus % 100 elektriko eta 18 metroko sei autobus elektriko (artikulatuak) jasotzea aurreikusten dela.
Berrikuntza horri esker, 960.000 litro gasolio gutxiago kontsumituko direla eta 2.600 tona CO2 gutxiago igorriko direla esan dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa