12:07

Ekonomia

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Mendiak nabarmendu du Sanchezek ez duela autonomia erkidego bat besteen gainetik lehenesten

O. A. | EITB Media

Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren arabera, migrazio eskumena ez da goizetik gauera eskualdatuko Kataluniara.

  • Idoia Mendia Radio Euskadin

    Idoia Mendia Radio Euskadin

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuaren migrazio eskumenak Kataluniara eskualdatzeko PSOEk eta Juntsek aste honetan lorturiko akordioak zeresana ematen jarraitzen du. Kataluniari erreferentzia eginez, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak argi eta garbi adierazi du Pedro Sanchezek ez duela autonomia erkidego bat besteen gainetik lehenesten. Azaldu duenez, Espainiako presidentea "herritarrekin eta Europar Batasunarekin hartutako konpromisoak" aurrera ateratzen saiatzen ari da.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan Mendiak azaldu duenez, migrazio eskumena ez da goizetik gauera eskualdatuko Kataluniara. Horren esanetan, akordioa lege organiko batean islatu beharko da eta horren ostean alderdi politikoekin eztabaidatu eta negoziatu. Hori dela eta, prozesuak luze joko duela nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak sindikatuekin lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera adostu duela ezagutu aurretik, enpresaburuak ere akordiora batuko zirela uste zuen Mendiak. Horren iritziz, enpresaburuek ezin zuten aukera hori pasatzen utzi. Azkenean, ordea, ez da posible izan. 

Mendiaren arabera, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerak emakumeei eta gazteei egiten die mesede gehien. Gai "oso garrantzitsua" dela azpimarratu du eta horregatik, enpresariekin edo gabe, Espainiako Gobernuak gutxieneko igo egingo duela. "Gobernuaren konpromisoa lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea da, eta horrela izango da", gehitu du.

Halaber, Europa mailako gutxieneko soldata aldarrikatu du beste behin, Espainiarentzat ez ezik duela gutxi Europar Batasunean sartu diren herrialdeentzat "aurrerapauso izugarria" litzatekeela iritzita.

Azkenik, Idoia Mendiak iragarri du euskal politikagintza utziko duela legegintzaldi honen amaieran.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena