Ekonomia
LAN GATAZKA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tuvisako langileek 05:00etatik 09:00etara arteko lanuzteei berrekin diete astelehen honetan. Arratsaldean eskaintza berria helarazi die Udalak. Lehen begiratuan "eskasa" iruditu zaio batzordeari baina bihar goizean aztertuko dute langileekin, batzarrean.
Tuvisako langileak Gasteizko autobus garajean. Argazkia: UGT Euskadi
Gasteizko hiri-autobusetan izan den 2024ko lehen lanuzte partzialak gidarien "erabateko jarraipena" lortu du, enpresa-batzordearen arabera, %100ekoa, baina Udalak % 73ra jaitsi du zifra hori.
Enpresa batzordeak jakitera eman duenez, 05:00etatik 09:00etara gutxieneko zerbitzuak bakarrik ibili dira, hau da, lanegun batean programatutako autobusen % 30, zehazki. Iturri horien arabera, lau orduko tarte horretan ez da Tuvisako garajeetatik atera gutxieneko zerbitzuetan ez zegoen autobusik.
Tuvisako zuzentzaritzak, bere aldetik, esan du gaur lan egin behar zuten 72 gidarietatik 52k greba egin dutela, eta, guztira, beste zerbitzu eta administrari batzuekin, enpresan lan egitea zegokien 99 pertsonetatik 55k egin dutela geldialdia eta hortik atera dutela gutxieneko zerbitzuak kenduta, enpresako % 73k egin duela bat protestarekin.
Datuak datu, gaurko mobilizazioa lanuzte sorta baten lehena izan da. Izan ere, hilabete osoan geldialdiak deitu dituzte astelehenero, asteazkenero eta ostiralero, 05:00etatik 09:00etara. Akordiorik lortzen ez bada, lanuzte partzial horiek lanegun guztietan errepikatuko dira otsailean, eta gatazkak aurrera jarraituko balu, batzordea prest dago martxoaren 3tik aurrera greba mugagabera joateko.
Nolanahi ere, Tuvisako zuzendaritzak eta batzordeak akordioa lortzeko borondatea agertu dute berriki, eta, ildo horretan, Udalak sindikatuei proposamen berri bat helarazi die gaur arratsaldean bertan.
Sindikatuetako ordezkariek EITB Mediari jakitera eman diotenez, lehen begiratuan "eskasa" iruditu zaie balorazioa baina datozen orduetan ondo aztertu eta bihar goizean, 09:30ean, greba batzordearen batzarra egingo dute langileekin proposamena aztertu eta erabaki bat hartzeko.
Gatazkaren jatorria
Tuvisako enpresa batzordeak zerbitzuan zein autobusetan arazo larriak daudela salatu izan du azken hilabetetan. ELA eta UGT sindikatuetako hiruna ordezkari, USO, ESK eta CCOO sindikatuetako bina eta LABeko ordezkari batek osatzen duen batzordeak "langileen osasuna eta zerbitzuaren segurtasuna kolokan" daudela salatu izan dute eta honako eskariak plazaratu dituzte, besteak beste: "lineako autobusen galera saihestea, Tuvisako pribatizazioak iraultzea, lan-hitzarmen berri bat negoziatzea, benetako lanaldiaren erregistroa egotea eta ALHAOn argitaratzea alderdi sozialekin lortutako akordio guztiak".
Abenduaren 5ean, langileek lanuzte partzialak hasi zituzten goizean, lau orduz, eskaera horien alde. Langileen % 100ek, sindikatuen arabera, eta % 72k, Udalaren arabera, babestu zituzten lanuzteak. Abenduaren 11n eta 18an ere errepikatu egin ziren lanuzte partzialak eta 24 orduko greba egin zuten 19an eta 21ean.
Joan den astean Udalak lehen eskaintza aurkeztu zion enpresa batzordeari, baina langileen batzarrak mobilizazioen egutegiarekin jarraitzea erabaki zuen, eskaintza hoberik jaso ezean. Ikusi egin beharko da zer erabaki hartzen duten bihar, gaur jaso duten proposamenaren inguruan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa