Ekonomia
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak onartu du egungo ongizate ereduari eusteko eta pentsioak mantentzeko pertsona migranteak "erakarri" beharko direla.
Arantxa Tapia sailburua Radio Euskadin
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aitortu du erronka demografikoa herri erronka nagusietako bat dela, eta horri gehitu behar zaiola datozen urtetan 'Baby boom' belaunaldiko pertsonak erretiratu egingo direla. Tapiaren ustez, egoera demografikoa "oso kezkagarria" da, baita ere pentsioen eta ongizate gizartearen ikuspuntutik begiratuta.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, gaur egungo ongizate ereduari eusteko eta pentsioak mantentzeko pertsona migranteak "erakarri" beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoa.
Gaur argitaratu den azken EITB Dataren arabera, erretiroa hartu dutenen kopuruak % 20 egin du gora azken hamarkadan EAEn. Halaber, gaur-gaurkoz, EAEn bizi diren bost helduetatik bat baino gehiago erretiratuta dago eta pentsiodun bakoitzeko bi pertsona baino gutxiago ari dira lanean.
Bestalde, legegintzaldia azken txanpan sartu den honetan, bere sailean ere oraindik lanean ari direla nabarmendu du. Ildo horretan, hilabeteko epean, Eusko Legebiltzarrak Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea onartuko duela uste du eta koalizio gobernua sostengatzen duten alderdien baino boto gehiagorekin gainera.
2024rako EAEko aurreikuspen ekonomikoei buruz galdetuta, 2023koaren "antzekoa" izango dela aurreikusi du, "atzeraldirik gabe", baina hornidura katean eta prezioetan tentsio egoerak izango direla. Testuinguru horretan, Itsaso Gorriko gatazka aipatu du, horren ondorioz, garraioa eta produktuak garestitu egingo baitira.
Galiziako itsasertzera iritsi diren plastikozko pelletak direla-eta, Tapiak lasaitasuna adieraztearekin batera gaia arretaz jarraituko dutela nabarmendu du. Halaber, esan du itsasoak globalak direla eta edozein tokitan isurtzen dena euskal kostaldera iritsi daitekeela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa