Itxi

Ekonomia

Merkealdia

Beherapenak: Ordainketak, itzulketak, bermeak eta bestelako zalantzen erantzunak

Olatz Prat | Euskadi Irratia | EITB Media

Hasi berri den urtarrileko merkealdian legeak erosleari zein saltzaileari ematen dizkien eskubideen inguruko gako nagusiak bildu ditugu segidan, Leire Alberdi EKA kontsumitzaileen elkarteko abokatuak lagunduta.

  • Bi emakume, arropa begiratzen, merkealdian. EFE.

    Bi emakume, arropa begiratzen, merkealdian. EFE.

Gabonetako egun seinalatuak pasatuta, beste sasoi berezi bat dator orain saltokietan: beherapenena.

Online denda askotan martxan da dagoeneko urte hasierako merkaldia, eta denda fisikoetan astelehenetik aurrera nabarituko da, gehienbat, mugimendua.

Arrapaladan eta itsu-itsuan erostera joan aurretik, ordea, komeni da zenbait gomendio kontuan hartzea. Euskadi Irratian azaldu ditu Leire Alberdi EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko abokatuak. Gomendio horiez gain, legeak erosleari zein saltzaileari ematen dizkien eskubideen inguruko gako nagusiak bildu ditugu segidan:

Zer da, legez, merkealdia?

"Denda batek ohiko prezio arruntetan saltzen dituen produktuak egun zehatz batzuetan merkeago saltzea. Horri deituko genioke merkealdi edo beherapen aldia, eta beste gauza ia gehienak bezala, merkealdiak ere legez erregulatuta daude". Lege horren arabera, besteak beste, argi eta garbi adierazita egon behar dira arauak eta iraupena.

Halaber, denda batean merkealdia dagoela esan ahal izateko, denda horretako gutxienez produktuen erdiek izan beharko dute beherapena. Alberdiren hitzetan, "sustapeneko beste zenbait arrazoi egon daitezke; esaterako, denda itxi behar izatea, eskaparatea aldatzeko produktu berriak ekarri behar izatea eta abar. Baina hori ezingo genuke kontsideratu beherapen aldi".

Zein prezio agertu behar dira?

Bi prezio agertu behar dira produktuen etiketetan: aurreko 30 egunetan izan duen prezio baxuena, "prezio arrunta", eta prezio horrek duen beherapena eta prezio berria. "Komeni da beti produktu horrek aurreko hilabetean zer prezio izan duen ikustea". Eta aurreikuspen horretatik, oinarrizko gomendioa: "Erostera joan aurretik behar ditugun gauzen zerrenda egitea".

Beherapenak, denda batean. EFE

Beherapenak, denda batean. EFE

Txartelarekin ordaintzea galaraz diezaguke dendariak?

"Bai, legez, dendaria ez dago behartuta txartelarekin kobratzera. Gainera, gutxieneko mugak ere ezar ditzake, 10 €-ko gutxienekoa edo dena delakoa", azaldu du. Hori dendariak erabakitzen du. "Egia da, gaur egun, establezimendu askotan erabat normalizatuta dagoela txartelarekin ordaindu ahal izatea", esan du Alberdik, baina, kasu honetan, legea dendariaren alde dagoenez, "komeni da erosi aurretik galdetzea txartelarekin ordaintzerik baden edo ez".

Eskudirutan zein txartelarekin ordaindu, erosleak beti izango du tiketa edo faktura jasotzeko eskubidea.

Zein berme dituzte erosten ditugun produktuek?

Legez, produktu berriek hiru urteko bermea dute, eta bigarren eskukoek ezingo dute urtebete baino gutxiagokoa izan.

Halaber, Alberdik azpimarratu duenez, "erabat debekatuta dago hondatutako produktuak beherapenetan salgai jartzea, hondatuak egoteagatik, prezio baxuagoan". "Produktuak ondo egon behar du, bere ezaugarri guztiekin", adierazi du.

Nola egin itzulketak denda fisikoan eta online?

Online egiten ditugun erosketetan, legez 14 egun naturaleko epea izango dugu edozein produktu itzuli ahal izateko, itzulketarako motiborik zehaztu behar izanik gabe. Produktua erostean zituen baldintzetan itzultzen badugu, dirua itzuli behar digu establezimenduak.

Denda fisikoetan bestelakoak dira arauak. Izan ere, denda fisikoan dendaria ez dago behartuta itzulketa onartzera; nahitaez onartu beharko du "soilik produktuak fabrikako akatsa badu", Alberdik argitu duenez.

Dendariak ezartzen ditu arauak, itzulketa onartzea, ez onartzea edo produktuaren balioa duen txartel bat egitea. "Hori bai, denda fisiko batek urte osoan zehar itzulketak onartu baditu eta beherapenetan ez baditu onartuko, hori adierazi egin behar du".