Ekonomia
Osasun Publikoaren Legea
Agentziak | EITB Media
Aldi baterako kontratazioetan, ez da nazionalitate betekizunik bete beharko "defizitarioak edo betetzeko zailak" diren espezialitateetan.
Osakidetzako langileak. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baiezkoa eman dio Europar Batasunaz (EB) kanpoko langileak kontratatzeari, profesionalen defizita duten fakultatiboen 52 espezialitatetan eta erizaintzako 3 espezialitatetan plazak aldi baterako betetzeko.
Osakidetzak ebazpen berri bat argitaratu du asteazken honetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta, bertan, "interes orokorreko arrazoiak direla medio", nazionalitatearen betekizunetik salbuestea erabaki du, "defizitarioak edo betetzeko zailak" diren 55 espezialitatetan lanpostuak betetzeko deitzen diren aldi baterako hautaketa prozesuetan, baldin eta egiaztatzen bada nazionalitatea duen profesional presturik ez dagoela.
Lege betekizun hori Eusko Legebiltzarrak joan den azaroaren 30ean onartu zuen Osasun Publikoari buruzko Legearen xedapen gehigarri batean islatu zen. Xedapen horrek aukera ematen dio Osakidetzari Europar Batasunetik kanpoko pertsona horiek kontratatzeko eta profesionalik ez duten espezialitate jakin batzuetan nazionalitate baldintza betetzetik salbuesteko. Kontratazio horiek ez dira iraunkorrak izango, aldi baterakoak baizik.
Gaur argitaratutako ebazpenean azpimarratzen denez, aldi baterako kontratazio zerrendetan izena emateko eskaera aurkeztu duen Europar Batasunetik kanpoko pertsona bati edozein izendapen eskaintza egin aurretik, zerrenda horietan nazionalitate baldintza betetzen duen langilerik ez dagoela egiaztatzea eskatuko da.
55 espezialitatetan defizita
Hauek dira Osakidetzak pertsonal fakultatiboan eta erizaintzakoan defizitariotzat dituen espezialitateak:
Alergologia, Ananomia Patologikoa, Anestesiologia eta Erreanimazioa, Angiologia eta Kirurgia Baskularra, Aparatu Digestiboa, Kardiologia, Kirurgia Kardiobaskularra, Kirurgia Orokorra eta Digestio Aparatua, Ahoko eta Aurpegi-masailetako Kirurgia, Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia, Kirurgia Pediatrikoa, Kirurgia Plastikoa, Estetikoa eta Konpontzailea, Kirurgia Torazikoa, Zainketa Aringarriak, Familiako Medikuntza, Dermatologia, Medikuntza Kirurgikoa eta Benereologia.
Honako hauek ere bai: Larrialdiak, Endokrinologia eta Nutrizioa, Gaixotasun Infekziosoak, Epidemiologia Klinikoa, Farmakologia Klinikoa, Hematologia eta Hemoterapia, Etxeko Ospitalizazioa, Laneko Medikuntza, Medikuntza Fisikoa eta Errehabilitazioa, Medikuntza Intentsiboa, Barne Medikuntza, Medikuntza Nuklearra, Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa, Nefrologia, Pneumologia, Neurokirurgia, Neurofisiologia Klinikoa, Neurologia eta Obstetrizia eta Ginekologia.
Zerrenda horretan honako espezialitate hauek ere sartzen dira: Oftalmologia, Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa, Otorrinolaringologia, Pediatria, Ospitaleko Pediatria, Psikiatria, Haur Psikiatria, Erradiodiagnostikoa, Erreumatologia, Ospitaleko Larrialdiak, Kudeaketa Sanitarioko Unitateak, Urologia, Analisi Klinikoak, Immunologia eta Mikrobiologia eta Parasitologia.
Erizaintzako langileen espezialitate defizitarioei dagokienez, Lan Osasuna, Osasun Mentala eta emaginak sartzen dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa