Ekonomia
EUSKO LEGEBILTZARRA
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
EAJk eta PSEk alde bozkatu dute; PP, Ciudadanosek eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira, eta EH Bilduk eta VOXek kontrako bozka eman dute. Mendiak nabarmendu duenez, lege honekin "beste pauso bat eman da autogobernuaren eraikuntzan".
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Enplegu eta Lan sailburua
Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Enpleguaren Euskal Legea onartu du ostegun honetan, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Enplegu eta Lan sailburuak adierazi duenez, "pertsonak eta haien eskubideak oinarri" dituen legea. "Euskadik, lehen aldiz, lan duina aitortu eta definitzen du", nabarmendu du.
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gehiengo osoari esker onartu dute legea. PP, Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira, eta EH Bilduk eta VOXek kontrako bozka eman dute.
Mendia sailburuak nabarmendu duenez, lege honekin "gaur beste maila bat igo da autogobernuaren eraikuntzan", "enpleguaren kalitatea, bidezko soldata, segurtasuna, aukera-berdintasuna eta aniztasun inklusioa bermatzen dituen legea" baita, horren hitzetan, gaur onartu dena. "Lanbideri buelta eman nahi izan diogu", esan du, eta gaineratu du xedea ez dela soilik enplegu gehiago sortzea, "baizik eta enplegu hobe bat sortzea".
Neurri berri honekin Jaurlaritzak lan arloa "atontzea" du xede . Horretarako, sare bat osatu nahi du, enpleguaren munduan lanean dituen 300 agenteak batzen dituena. Informazioa partekatzea eta lan eskaintzen datu base bakarra sortzea bilatuko du sare horrek.
Pazis Garciak (EH Bildu) etsigarritzat jo du testua, eta Legebiltzarreko oposizioko lehen taldearen eta Euskadiko gehiengo sindikalaren ezezkoa jaso duela gogorarazi du. EAJk eta PSE-EEk Confebasken "betoa" onartu dutela iritzi dio Garciak, kooperatibek Lanbiden duten presentzia ez gauzatzeko, figura juridikoaren aldaketarekin "izaera publikoa ahulduko" duen erakundea baita.
Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) onartu du legea "positiboa" dela, baina ez dela nahikoa, eta Lanbideren izaeraren aldaketaren aurka azaldu da, "kanpora atetzeko" aukerak zabaltzen dituelako.
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak bere taldearen abstentzioa iragarri du; izan ere, horren aburuz, popularre zuzenketak atzera botata "gai batzuk modu zehatzagoan sartzeko edo zehazteko aukera galdu" dela. Hala, albiste txartzat jo du Lanbideren izaera juridikoa aldatzea, uste baitu "askoz kontrol gutxiago" egongo dela, baita "gardentasun gutxiago" ere, eta "kudeaketak ez duelako hobera egingo".
Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezen arabera, lege-testu hori "ez da beharrezkoa": "Gaur egun euskal legeak jasotzen dituen funtsezko baldintzak garatzeko lege-estaldura nahikoa dago", adierazi du.
Jaurlaritzako taldeetatik, Jon Aiartzak (EAJ) nabarmendu du bere taldeak "lege honek ahalik eta adostasun handiena izatearen aldeko apustua" egin duela, "eskua luzatuta", eta Jaurlaritzaren eta alderdi politikoen "apustu sendoa eta serioa" azpimarratu du, "Lanbide ardatz duen enplegurako gobernantza integralaren eredu berri bat" bultzatzeko.
Ekain Ricoren (PSE) iritziz, Lanbide "prest egongo da euskal herritarren beharrei erantzuteko". "Hau lege ona da Euskadiko langileentzat", azpimarratu du. Jose Manuel Gil Ciudadanoseko legebiltzarkideak ez du eztabaidan parte hartu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa