Itxi

Ekonomia

ESPAINIAKO GOBERNUA

Langabezia subsidioaren inguruan akordioa erdietsi dute Lan eta Ekonomia ministerioek

EITB MEDIA

Laguntza lehen sei hilabeteetan 570 eurora igotzea aurreikusten du itunak, eta hurrengo sei hilabeteetan 540 eurora. Gainera, familia-kargarik gabeko 45 urtetik beherako langabeak ere jasoko dute subsidioa.

  • Herritarrak kalean. Artxiboko irudia: EFE

    Herritarrak kalean. Artxiboko irudia: EFE

Lan eta Ekonomia ministerioek akordioa erdietsi dute langabezia subsidioa erreformatzeko, alegia langabezia saria amaitu ostean kasu jakinetan ematen den diru laguntzari lotuta. Azken asteetan aurrez aurrekoa izan dute bi ministerioek diru laguntza hau jasotzeko baldintzen eta zenbatekoaren inguruan.

SER irrati kateak aurreratu duenez, 570 eurora igoko da lehen sei hilabeteetan diru laguntza, eta 540 eurora hurrengo seietan. Egungo 480 eurotan mantentzen da prestazioaren gainerako iraupena. Gainera, laguntza bateragarria izango da lehen 180 egunetan lanean hastearekin.

Itxura guztien arabera astearte honetan onartuko da Ministroen Kontseiluan, eta ondorengo prentsaurrekoan emango diztuzte akordioaren xehetasun guztiak.

Bruselari 10.000 milioi euroko Europako funtsen laugarren ordainketa eskatzeko falta zen mugarrietako bat zen hori.

Hitzartutakoaren arabera, azkenean subsidioaren zenbatekoa handitu egingo da: egungo 480 eurotik 570 eurora igaroko da prestazioaren lehen sei hilabeteetan, 540 eurora hurrengo sei hilabeteetan, eta egungo 480 eurotan mantenduko da prestazioaren gainerako iraupena.

Gainera, onuradunen kopurua handitu egin da, orain arte baztertutako bi kolektibo sartu baitira: Akordioaren arabera, familia-kargarik ez duten 45 urtetik beherako langabeek kobratu ahal izango dute laguntza hori, baita kargak dituzten 52 urtetik gorakoek ere, familiaren diru-sarrerek muga bat gainditzen badute ere. Gainera, nekazaritza-sektoreko behin-behineko langile guztiek jasoko dutela ere aurreratu dute.

Akordio horren bidez, langabezia subsidioa eskuratzeko itxaron beharreko hilabetea ezabatzen da, eta laguntza jasotzearen eta 180 egunera arteko enpleguaren arteko bateragarritasuna arautzen da, langabeei lan-merkatura igarotzea errazteko formula gisa.