Itxi

Ekonomia

Bigarren greba eguna

Sindikatuen arabera, itunpeko ikastetxeetako grebak % 65eko jarraipena izan du; patronalaren hitzetan, % 17koa

Agentziak | EITB Media

Sindikatuek "irudipena" dute Kristau Eskola eta AIC patronala gatazka "luzatu" nahian dabiltzala. Bihar, asteazkena, manifestazio bateratua egingo dute Bilbon, 11:30etik aurrera.

0:40
Bilbo, gaur goizean. Argazkia: EFE.

ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk adierazi dute Gizarte Ekimeneko euskal etxeetako bigarren greba-egunaren jarraipena % 65 eta % 70 artekoa izan dela gaur ere. Sindikatuek "irudipena" dute Kristau Eskola eta AIC patronalek gatazka "luzatu" nahi dutela. Hala, uste dute "atzerapenaren taktika" erabiltzen ari direla hitzarmena berritzeko negoziazioan eta "horrek ez duela inor" lagunduko.

Kristau Eskolaren arabera, ostera, bigarren jardunaldiaren jarraipena % 17,2koa izan da. Lurraldeka, Araban jarraipena % 14,83koa izan da, Bizkaian % 23,29koa eta Gipuzkoan % 9,76koa; aldiz, zentroen % 35,45ean lanuzteak ez du eraginik izan.

Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuek —ikastolek salbu—bigarren greba eguna izan dute gaur, asteartearekin. Astelehenean hasi zuten bost eguneko lanuzte astea, eta lehenengo egun horretan ere % 65eko jarraipena izan zuen deialdiak, sindikatu deitzaileen (ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT) esanetan. Patronalaren arabera, ordea, % 21,5eko eragina izan zuen. 

EAEko hiru hiriburuetan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, manifestazioak egin dituzte, 11:30ean hasita.

Itunpeko sareko 9.000 langile baino gehiago daude greban parte hartzera deituta ostiralera arte, hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko.

Aipaturiko sindikatuek nabarmendu dutenez, azaroaren 27ko bilerara Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalak ez zuten "inolako proposamenik ekarri". Halaber, abenduaren 5ean Hezkuntza Sailarekin egindako batzarra ere "aurrerapausorik gabe" amaitu zen. Gauzak horrela, proposamenak mahai gainean jartzeko eskatu diete patronalei eta Hezkuntza Sailari, ostera, gatazkaren irtenbidean esku hartzeko. 

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileei (itunpeko sarea) eskatu die grebarekin bat egiteko; izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin negoziazioa ez atzera ez aurrera doa.