Ekonomia
LANGILEEN BERRANTOLAKETA
AGENTZIAK | EITB Media
Multinazionalak aurreko astean iragarri zuen Gasteizko lantegiko 150 langile kaleratzeko asmoa zuela. Halaber, hitzeman du sei hilabeteko epean ez duela ekoizpenaren jaitsieragatik kaleratzerik egingo.
Michelinen lantegia Gasteizen. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Gasteizko Michelineko zuzendaritzak borondatezko irteerak, errelebo kontratuak edo langileak beste lantegi batzuetara mugitzea proposatu du, inor kaleratu gabe plantillan 150 langile gutxiago izateko. Gainera, datozen sei hilabeteetan ekoizpenarekin lotutako kaleratzerik ez dela izango ziurtatu du zuzendaritzak.
Duela astebete multinazionalak Gasteizko lantegiko 150 langile kaleratuko dituela jakinarazi ondoren, zuzendaritzak eta langile batzordeak bilera egin dute gaur goizean Arabako hiriburuan.
Zuzendaritzak proposatu du langileak beste zeregin batzuetan jartzea edota beste lantegi batzuetara mugitzea. Langileek urtarrilaren 7a baino lehen egin beharko dute eskaera, baina sindikatuek epe hori luzatzeko eskatu dute.
Halaber, errelebo kontratua 1962an jaiotakoei ere eskaintzeko proposatu du.
Horrez gain, borondatezko irteerak aurreikusi ditu, lan egindako urte bakoitzeko 33 egun ordainduta (18 soldata edo 78.000 euro gehienez). Interesa dutenek urtarrilaren 7a baino lehen jakinarazi beharko dute.
Bestalde, enpresak hitzeman du sei hilabeteko epean ez duela ekoizpenaren jaitsieragatik kaleratzerik egingo.
Lan batzordeak ontzat jo du zuzendaritzak bere proposamena kontuan hartu izana. Hala ere, itxuraz, aldeko eta kontrako jarrerak daude langileen ordezkarien artean, enpresak trukean eskatzen baitu datorren urteko egutegiak adosteko eta 659 pertsonaren lan baldintzak aldatzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa