Ekonomia
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
EITB MEDIA
Nerea Kortajarena EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du Repsoleko eta Petronorreko agintariak "autopista fiskala" eskatzen ari direla.
Nerea Kortajarena EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramailea. Argazkia: EITB Media
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Nerea Kortajarena EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak "lotsagarritzat" jo ditu aste honetan Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilariak eta Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak egindako ohartarazpenak. Espainiako Gobernuak energia konpainien gaineko zergari eutsiz gero, Espainian egindako inbertsioak baldintzatuta geratuko liratekeela adierazi dute biek.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, Kortajarenak salatu du hitz horiek "xantai bat" direla. "Politika fiskala ez duzulako konpartitzen, inbertsioak etetearekin mehatxu egiten dute? Ez da onargarria", kritikatu du.
"Banketxe eta enpresa handi hauei eskatzen ari zaiena da, inoizko irabaziak izaten ari diren momentuan, elkartasunez aritzea", gaineratu du EH Bilduko ordezkariak.
Horren hitzetan, Petronor eta Repsoleko agintariak "autopista fiskala" eskatzen ari dira. "Horren aurrean, deigarria iruditzen zait Jaurlaritza ulerkor agertzea, eta zein oldarkor langileekin eskari batzuk egiten dizkietenean", erantsi du.
Hezkuntza Legea
Bestalde, Nerea Kortajarenak gogoratu du EH Bilduk Hezkuntza Lege berriari egindako zuzenketen aurka bozkatu zuela, eta, azken unera arte eztabaidatzeko borondatea duela. Hala ere, salatu duenez, "joko arauak aldatu egin dira". "Herri akordio batean" oinarritutako legea izan beharko lukeela adierazi du, eta hezkuntza itunaren "kudeaketa oso txarra" egin dela, "kanpoko elementuak modu anbiguoan sartu" direlako.
Orain arte onartu diren zuzenketa gehienak Jaurlaritzak proposatutakoak direla esan du, baina espero du "borondate politikoa" egotea "lege on bat lortzeko, anbizioa izango duena" eta "etorkizuna eraikitzeko" balioko duena.
Pedro Sanchezen inbestidura
Pedro Sanchezen balizko inbestidurari buruz, EH Bilduk "lan asko eta zarata gutxi" egin nahi izan duela esan du, eta datorren legegintzaldian "arazo nazionala" gai nagusia izango dela gaineratu du, gai sozialekin eta bizikidetzarekin batera.
EAEko hauteskundeei dagokionez, horren ustez, "batzuek denbora gehiegi" daramate "hauteskundeei begira funtzionatzen", eta bitartean "arazoak pilatzen" ari direla azpimarratu du. Ildo horretan, Osakidetza azkenaldian "altxor bat" izatetik "suspentso bat" jasotzera igaro dela erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa