Itxi

Ekonomia

Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak 691,1 milioi bideratu ditu Gizarte Ekintzara, foru-aurrekontuen zenbateko handiena

EITB MEDIA

Bederatzi foru sailek 1.599,1 milioi euro izango dituzte. Gizarte gastuaren atzetik daude Azpiegiturak eta Lurralde Garapena (243,1 milioi) eta Garraioak, Mugikortasuna eta Turismo Sustapena (209,3 milioi).

  • Diputación Foral de Bizkaia. Foto: Gonzalo Elorza.

    Diputación Foral de Bizkaia. Foto: Gonzalo Elorza.

Bizkaiko Foru Aldundiaren datorren urterako aurrekontuak 10.000 milioi eurotik gorakoak dira lehen aldiz; zehazki, 10.308 milioi eurokoak, % 5,1 handiagoak (500,1 milioi euro gehiago), zerga itunduetan diru-bilketa handitzeko aurreikuspenek bultzatuta. Gizarte gastua izango da pisurik handiena duen eremua, 691,1 milioirekin.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuarekin batera aurkeztu du aurrekontuen foru arauaren proiektua astearte honetan, ezohiko Gobernu Kontseiluan onartu ondoren. Aldundiak jardunaldi honetan bertan erregistratu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, izapidetzen hasteko, urtea amaitu baino lehen onar dezaten, eta lehentasunezko 120 jarduerak garatzeko balioko du.

Berrojalbizek aurrekontu-proiektuaren kontuen berri eman du, eta azaldu du diru-sarreren hazkundea 2024ko ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta dagoela. Horien gainean, zerga itunduak biltzeko aurrekontua ezartzen da, 9.916,7 milioi eurokoa, 2023ko aurrekontuan zehaztutakoa baino % 5,8 gehiago.

Foru sailek 59 milioi gehiago dituzte

Gastuen atalean, erakunde-konpromisoak kontabilizatu ondoren, sailek % 3,8 gehiago izango dute erabilgarri; 1.599,1 milioi euro izango dituzte, hots, aurreko ekitaldian baino 58,6 milioi gehiago. 

Biztanleko 640 euro gizarte gasturako

Aurrekontu-proiektuan gizarte gastua da garrantzitsuena, 2024an Aldundiak biztanleko 640 euro bideratuko baititu mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonen edo adingabeen zaintza finantzatzera, gizarteratzera eta talderik kalteberenak babestera. Guztira, 737 milioi euro gastatuko dira Gizarte Ekintza Sailaen eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sailaren bidez.

Era berean, sailen arteko banaketan nabarmentzekoa da lurralde-oreka indartzeko (udalerriei eta eskualdeei laguntzea, garraioa eta azpiegiturak) nahiz jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko inbertsioen eta gastuen garrantzia. Horretarako, sektore estrategikoei laguntzeko eta talentua, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko jarduketak gauzatuko dira.

Aldundiak baliabide propioen 241 milioi aktibatu ditu

Aurrekontu-proiektuarekin batera, Elixabete Etxanobek jakinarazi du Aldundiak beste 241 milioi euro esleitu dituela baliabide propioetatik legealdiko plana garatzeko, eta horrela osatuko dela aurrekontu-proiektua. Hala, Aldundiak dagoeneko 1.729 milioi eurorekin hornitu ditu legealdiko planaren lehentasunezko jarduketak, horiek garatzeko. Horren % 46 gizartearen ikuspegitik Bizkaia aurreratua izateko jarduketetarako da, eta 800 milioi euro inguru gastatuko dira horretan.