Ekonomia
2024ko kontuak, xehe
E. G. | EITB Media
Bestalde, Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio eta Lehendakaritza sailak dira gehien igotzen direnak, % ia 23 eta % 118 hazita, hurrenez hurren.
Osasunak, Hezkuntzak eta Lan eta Enpleguak aurrekontu osoaren % 65 izango dute. Grafikoa: EITB
Eusko Jaularitzako hiru sailek —Osasuna, Hezkuntza eta Lan eta Enplegua— 2024rako Eusko Jaurlaritzak prestatu duen aurrekontu proiektu osoaren (15.025 milioi euro) % 65 pasatxo jasoko dute, kontuen sailen arteko banaketari erreparatuz gero.
Proiektuak 4.896 milioi euro bideratuko dizkio Osasun Sailari, eta horietatik ia % 80 Osakidetzak jasoko du. Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailak 137 miloi euroko inbertsioak egingo ditu osasun-sistema "modernizatzeko". Halaber, farmazia-gastuen aurrekontua 20,5 milioitan haziko da.
Hezkuntza Sailak, lege berria izapidetzen duela, 3.672 milioi euro izango ditu datorren urtean. Besteak beste, ikastetxe publikoetako langileentzat aurreikusitako partida % 5,4 haziko da eta azpiegituretako inbertsioena, % 31,3. Hezkuntza-itunak % 3 igoko dira, 785 milioi euroraino. Azkenik, HAURRESKOLAK Partzuergoak % 17ko igoera izango du, 74,4 milioira iritsita, doakotasuna bermatzeko. EHUk ere diru gehiago izango du, 375,3 milioi, zehazki —% 6,2ko gehikuntza—.
Bi sailok % 5etik gorako hazkundea izango dute 2023ko kontuekin alderatuta.
Bestalde, Idoia Mendia lehendakariordea buru duen sailak, Lana eta Enplegua departamentuak, 1.177,4 milioiko partida izango du. Gehiena, 641 milioi euro, prestazioetara bideratuko dute: diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE, 382 milioi), bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarrera (BGDS, 180 milioi), eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria (79 milioi). Lanbideri dagokion partida 1.161,7 milioikoa izango da.
Etxebizitza eta Garraioa eta Lehendakaritza, gehien igotzen diren Sailak
Gainerako sailei dagokienez, Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailaren aurrekontua (Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Garrioa) ia % 23 haziko da datorren urtean, eta Lehendakaritza, hortik gora (% 118). Ifrentzuan, diru gutxiago izango dute Turismo, Merkataritza eta Kontsumoak (% 16,5eko beherakada) eta Gobernantza Publikoa eta Autogobernuak ( % 3,1ko jaitsiera).
Arriolaren sailak Europako funtsen inpaktu argia izango du, programetarako 180,8 milioi gorde baitizkiote. Etxebizitzako 210,8 milioi izango dira, hainbat partida handi programei zuzenduta: Gaztelagun (gazteentzako alokairurako programa, 17,6 milioi), Bizigune (etxebizitza hutsen programa, 35,8 milioi). Garraioan, ez daude jasota Euskal Y eta Hegoaldeko Saihesbidea egiteko lanetarako zenbatekoa. Euskal Trenbide Sarearentzat (ETS) dirulaguntza 30 milioikoa izango da, 26 milioi gehiago, alegia.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 873,7 milioi izango ditu, 23,9 gehiago. SPRIk 143 milioiko aurrekontua izango du, Energiaren Euskal Erakundeak 160,5 milioikoa eta IHOBEk 12 milioikoa.
Bestalde, Segurtasuna Sailera 790 milioi bideratuko dituzte, eta horretatik gehiena, Ertzaintzarentzat izango da (737,9 milioi, 23 milioi langileen soldatak ordaintzeko). Aurten, gainera, 9,6 milioi gorde dira hauteskunde-prozesuetarako.
Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak 682 milioi izango ditu, 37,1 gehiago. Familiei eta Haurrei eskainitako zenbatekoa 162 milioi izango da; 0-3 urteko seme-alaba bakoitzeko hilean 200 euroko laguntzak eta familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak barne. Justiziak 316,2 milioiko partida edukiko du (+25,4 milioi), eta horietatik 11 milioi justiziako funtzionarioen soldata-homologazioari dagozkio.
Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 369,4 milioi izango ditu (16,2 gehiago). Gehiena, EITBrentzat: 192,4 milioi (11,4 gehiago). HABE helduak euskaraz alfabetatzeko programak 61,6 milioi izango ditu.
Ekonomia eta Ogasun sailak 139,1 milioi izango ditu eskura; hau da, soilik 1,1 gehiago. Finantzen Euskal Institutuak 55 milioiko ekarpena jasoko du, gizarte-funtsa handitzeko.
Lehendakaritzak 107,3 milioi (58,2 gehiago) izango ditu. Horien barruan, 51 milioi gazteak emantzipatzeko programarentzat izango dira.
Gobernantza Publikoa eta Turismoa, gutxiago jasoko duten bakarrak
Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailak 166 milioi (% 3 gutxiago) izango ditu. 2024an ez ditu izango aurten jasotako digitalizaziorako 9,2 milioi euro, Europako funtsen barruan. Ejie sozietate informatikoak 221,5 milioiko aurrekontua izango du eta 49 pertsona hartuko ditu.
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo sailak ere behera egingo du: 53,4 milioi, hau da, 10,6 gutxiago (% 16ko jaitsiera). Kasu horretan ere, jaitsieraren arrazoia da Europako funtsak egongo ez direla (9 milioi).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa