Ekonomia
Lan-gatazka
EITB Media
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTren esanetan, greba egunak "oso jarraipen zabala" izan du, eta apirilaren 25eko lanuzteak izandako jarraipena gainditu du. Kristau Eskolak, bere aldetik, "sindikatu, patronal eta Eusko Jaurlaritzak modu bateratuan akordioak bilatzearen garrantzia" nabarmendu du.
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako (gehienak, erlijiosoak) langileek greba dute gaurtik, urriak 17, ostegunera arte, urriak 19. Guztira, 9.000 irakasle daude lanuztera deituta, eta grebak 200 ikastetxetako 130.000 ikasleri eragingo die.
Zortzi eguneko lanuzteetako lehenengoa da, abenduaren 11ko asterako ere greba baitute deituta.
Sindikatu deitzaileek ohar bateratu batean azaldu dutenez, greba egunak "oso jarraipen zabala" izan du, apirilaren 25ekoa baino handiagoa. "Lan Sailak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen arren", sindikatuek batu ahal izan dituzten datuen arabera, geldialdia % 70 ingurukoa izan da.
Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira. "Horrek agerian uzten du langileriaren atxikipena egindako aldarrikapenekin, baita beraien kezka eta arazoak errealak direla ere", aldarrikatu dute sindikatuek.
Manifestazioa Bilbon. Irudia: ELA
Kristau Eskola patronalak, aldiz, jarraipenari buruzko bestelako datuak eman ditu. Horren arabera, langileen % 25,6k egin dute bat gaurko lanuztearekin.
Arratsaldean igorritako ohar batean, "elkarrizketa eta negoziazioa mantentzearen alde" agertu da Kristau Eskola, "irakasleen lan-baldintzak hobetzeko". Nolanahi ere, argi utzi du sindikatuen aldarrikapenek "egungo finantzaketa ereduarekin onartu ezin den eragin ekonomikoa" dakartela. Hala, "sindikatu, patronal eta Eusko Jaurlaritzak modu bateratuan akordioak bilatzearen garrantzia" azimarratu du patronalak, "aldarrikapenen eragin ekonomikoa" kontuan izanda eta "Hezkuntza lege berria izango denarekin bat egiteko".
Sindikatuen aldarrikapen nagusien oinarria dira lan zamak arintzeko neurriak, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzako hobekuntzak, KPIa bermatuko duten soldata igoerak, lanpostuak mantentzeko neurriak eta Lanbide Heziketako edukiak. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan dituzte sindikatuek.
2021eko abendutik, iraungita dago sektoreko hitzarmena. "Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen, eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko", gogorarazi dute sindikatuek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa