Ekonomia
Ardoa
Mikel Dominguez | EITB Media
Azken urteetan ekoiztutakoa baino askoz gutxiago saldu da, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzek saldu ez diren 9 milioi litrori irtenbidea eman nahi diete.
Arabako Errioxako ardoa destilatzeko laguntzak.
Arabako Errioxako ardo-ekoizleek industriara eta energiara bideratu ahalko dituzte saldu ezin izan dituzten litroak, Errioxako jatorri-izenak eskatuta Eusko Jaurlaritzak onartu dituen dirulaguntzak baliatuta. Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak azaldu duenez, gehienez 8 milioi euro bideratuko dituzte 9 bat milioi litro destilatzeko, upategietako soberakinari irtenbidea emate aldera.
Ardo-ekoizleek arazo handiak dituzte ekoizten duten guztia saltzeko, Ukrainako gerraren eta Erresuma Batuko merkatua Europar Batasunetik at egotearen ondorioz, eta milioika litro horiek merkatutik atera nahi dituzte, eskaintza eta eskaria orekatuta, prezioek behera egin ez dezaten.
Zenbait upategik azken hiru urteotako uzta dute pilatuta. "Arazo bat daukagu ardoaren salmentarekin. Oso urte txarra pasatzen ari gara", esan dio sailburuordeak EITBri.
Upategiek destilatzen duten ardo hori soilik industriara edo energiara (bioerregaiak) bideratu ahalko dute, ez berriro edari alkoholikoak egitera.
Arabako Errioxako ardoa destilatzeko laguntzak.
2022ko uzta destilatzea diruz lagunduko dute, ardo beltza gorria baino hobeto ordainduta. 500.000 litrotik gora ekoiztu zutenek % 10 izango dute estalita, eta ekoizle txikiagoek % 15 (250.000-500.000 litro) eta % 10 (250.000 litrotik behera).
Orozen arabera, neurria erradikala da, baina merkatuari dinamismoa emateko azken irtenbidea zen. Epe ertain eta luzera, Errioxa jatorri-izenak beste neurri batzuk aztertu beharko ditu. Mahastiak kentzeko aukera mahaiaren gainean dago, helburua eskaintza eta eskariaren arteko aldea berriz orekatzea baita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa