Itxi

Krisi Ekonomikoa

Elkarrizketa batean

Lehendakariak EAEren erreskatea eta esku-hartzea baztertu ditu

Erredakzioa

Patxi Lopezek azaldu duenez, "eredu soziala eta, bide batez, autonomikoa bukarazteko plan bat dagoela dirudi", eta horren aurka egingo duela esan du.

  • Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EFE

    Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EFE


Patxi Lopez lehendakariak Euskal Autonomi Erkidegoaren esku-hartzea edo erreskatea baztertu ditu. Gainera, Patxi Lopezek azaldu duenez, "eredu soziala eta, bide batez, autonomikoa bukarazteko plan bat dagoela dirudi", eta horren aurka egingo duela esan du.

Expansion egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, Lopezek Mariano Rajoyren Gobernuaren oposizioa izateko "bokaziorik" ez duela esan du. "Espainiak bizi dituen zailtasunak ulertzen ditut, baina murrizketak bidegabeak dira eta ekonomiaren atzeraldia areagotzeaz gain autonomia eskumenak inbaditzen dituzte", esan du Lopezek.

Gainera, EAEko Gobernua koordainketa ezartzera "behartuta" egongo balitz, herritarrei aztertzen ari diren beste formula batzuen bitartez diru hori itzuliko litzaiekeela esan du lehendakariak.

Funtzionarioei buruz, Lopezek Euskadin alor horretan murrizketak ezarri litezkeela azaldu du, baina autonomien eskumenak inbaditzen badituzte helegitea aurkeztuko dutela iragarri du.

Patxi Lopezek bere Gobernuak likidezia arazoak izatea (EAJk esan zuen) baztertu du. "Hilabeteak daramatzagu abisu hori entzuten, eta batzuek martxoan porrot egingo genuela esan zuten. Uztailaren amaieran gaude eta kaudimen handiena duen erkidegoa gara", esan du.

EAEk murrizketak ezartzen ez baditu Madrileko Gobernuak bigarren seihilekoaren zorpetzea ez baimentzeko aukerari buruz, lehendakariak esan du "baimena aurrekontuen orekaren eta defizitaren helburuak betetzearen araberakoa" dela, eta ez murrizketak ezartzearen araberakoa.

Intsumisioari ez

Patxi Lopezek Artur Masek proposatutako erkidegoen intsumisioari buruz ere hitz egin du. Lehendakariaren aburuz, "gobernuak ezin dira intsumisoak izan eta ezin dituzte legeak eta konpromisoak bete gabe utzi".

Bestalde, lehendakariak hauteskundeak aurreratzeari buruz inoiz hitz egin ez duela esan du; izan ere, "agintzea eta krisiari aurre egitea" ditu buruan. Hala ere, Eusko Jaurlaritza "ez da makurtuko". Horrez gain, PSE-EEk Bildurekin hauteskundeen ondorengo akordiorik lortuko ez duela esan du, oraindik ere ikuspegi politiko oso desberdinak dituztelako. Gainera, Lopezen aburuz, Bildu "kudeaketa ezaren, garapen politikaren oposizioaren eta Gipuzkoaren garapenaren oposizioaren erakusle da".