Krisi Ekonomikoa
Murrizketak Nafarroak
Barcinak Parlamentuaren 'tamaina'ri buruz eztabaidatzea eskatu du
Erredakzioa
Gobernuko presidenteak agerraldia egin du Foru Ganberan, Rajoyren murrizketen eraginak azaltzeko.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Foru Parlamentuaren eta beste hainbat erakunderen "tamaina egokia"ri buruzko eztabaida "lasaia eta sosegatua" abiatzea eskatu du, "balizko erreformak hurrengo legegintzaldian ezartzeko helburuz".
Barcinak agerraldia egin du Parlamentuan, Espainiako Gobernuaren azken murrizketek Nafarroan izango duten eragina azaltzeko.
Hitzaldian, gobernuburuak ukatu egin du "parlamentari edo zinegotzi gutxiago" edukitzeak "demokrazia ere gutxitzea" ekarriko duela. "Ez du zentzurik kasu askotan duela 200 urteko errealitateak oinarri dituzten egitura garestiak eta lodiak XXI. mendeko mundu digitalizatuan mantetzea", gaineratu du.
Horrenbestez, Barcinak nabarmendu du "hausnarketa" egin beharko luketela, "XIX. mendeko sistema bati eustea" kaltegarria izan bailiteke politikagintzaren irudiarentzat.
"Ausartak izan behar dugu, herritarrei entzun, eta sistema politikoaren egiturak argaltzeko eskariei heldu, alderdien, sindikatuen eta enpresa-erakundeen finantziazioei dagozkienak ere bai", iritzi dio.
Gobernuko kideen soldatak
Parlamentuko agerraldia hasi baino lehen, Barcinak adierazi du Foru Gobernu honetako kideek "aurreko Gobernukoek baino gutxiago" irabazten dutela.
Aparteko ordainsari bat kendu ez ezik, Gobernuko kideei soldata jaistea ere eskatu dio NaBaik gobernuburuari.
Taldeen kritikak
Roberto Jimenez sozialistak "erantzunkizun falta" egotzi dio Barcinari, eta Udaletan ordezkaritza murriztearen aurka agertu da. "Esfortsua guztion artean egin beharko dugu, batez ere gehien daukatenek", gaineratu du.
NaBai alderditik, Patxi Zabaletak "ezegokia" jo du Barcinaren erantzuna, eta "Madrildik PPk egiten duen presioaren aurrean" Nafarroak dituen eskuduntzak defendatu behar dituela azaldu du.
Bildu koalizioko Bakartxo Ruizek UPNetik Gobernu zentralaren neurriak "justifikatzen" direla uste du, eta murrizketa horiek "herritarren eskubideak zapaldu eta ukatu egiten dituztela" gaineratu du. "Espainiako interesak defendatzen dituzue" aipatu du.
Enrique Martin de Marcos PPNko ordezkariak gaur egungo egoerak "erreforma zabalen" beharra duela esan du, "Estatua bizi dugun egoera doituz".
I-Eko Jose Miguel Nuinek ezarriko diren "politiken legitimitate falta" salatu du, "Zinegotzien % 30a murriztuz aurrezpena oso txikia" izango litzatekeela gaineratu duen bitartean.