Krisi Ekonomikoa
Erkidegoen defizita
Erreskatea eska lezaketen erkidegoak
Erredakzioa
Valentziak eta Murtziak jada egin dute. Katalunia eta beste hainbat berdin egitea aztertzen ari dira.
-
Alberto Fabra Valentziako presidentea, erreskatea eskatu duen lehena. EFE
Valentzia eta Murtzia Estatuari erreskatea eskatu dioten lehen erkidegoak izan dira, eta, beraz, 18.000 milioi euroko funts autonomikora joko dute.
Dena dela, oraingoz ez dago argi zenbat diru jasoko duten, erreskatea behar duten erkidego kopuruaren araberakoa izango baita hori. Valentziak 3.500 milioi euro eskatu ditu, eta, Murtziak, 300 milioi euro.
Beste hainbat erkidego bide beretik jarraitzea aztertzen ari dira. Horietako bat, Katalunia. Oraindik erreskatea eskatzea erabaki ez badu ere, 3.500 milioi euroko laguntza behar duela iradoki du hainbat elkarrizketa pribatutan.
Generalitatearen iturriek azaldu dutenez, likidezia funtsera jotzeko baldintzak eta erreskatea eskatzeak ekarriko lizkiokeen ondorioak aztertzen ari dira, erabakia hartu baino lehen.
Gaztela-Mantxa % 1,5eko defizit helburua urratzeko arriskuan dagoen erkidegoetako bat da (guztira 10 dira, Jose Antonio Monago Extremadurako Gobernuko presidentearen esanetan), baina Maria Dolores de Cospedal gobernuburuak nabarmendu du ez dutela erreskatea eskatzea aztertu.
Balear Uharteek eta Kantabriak iragarri dute "oraingoz" ez dutela laguntzarik behar. Oraingoz.
Mariano Rajoyren Gobernuak erreskatea lehenbailehen eskatzeko dei egin die arazotan dauden erkidegoei, baina baliteke erreskate funtsa nahikoa ez izatea. Izan ere, Jose Manuel Soria Industria ministroak aurreratu du bideragarriak ez diren erkidegoek 26.000 milioi euro beharko dituztela.