12:09

Ekonomia

zerga igoera

Bilboko Udalak % 3 igoko ditu udal tasak eta zergak 2024an

EITB Media

Donostiako Udalak egin bezala, zergak igotzea ebatzi du Bilbokoak, pandemia tarteko hiru urtez izoztuta egon ondoren. Berrikuntzen artean, pisu turistikoei etxebizitza hutsen gaineko errekargua (% 25) aplikatuko zaie.

  • Bilboko Udaletxea, Juantxu Aberasturi erabiltzaileak berriki ateratako argazki batean.

    Datorren urteko udal tasak igoko dituela iragarri du Bilbok. Argazkia: Juantxu Aberasturi

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilboko Udalak % 3 igoko ditu tokiko erakundearen menpe dauden 2024ko zergak eta tasak. Pandemia tarteko, hiru urtez izoztuta egon dira zergak. Datorren urteko igoera horrekin, 5,2 milioi euro batuko ditu Udalak. 

Udalak gobernu batzordearen bileran onetsi du tasak eta zergak eguneratzea, Udalak eskaintzen dituen "zerbitzuen kalitateari eusteko". Izan ere, kostuek gora egin dute, lehengaiak garestitzeaz gain, energia krisiaren eta lan-kostuen garestitzearen ondorioz. 

Marta Ajuria Ogasun zinegotziak ohar baten bidez azaldu duenez, "eguneratze honek ez du berdinduko ematen ditugun zerbitzuetan izan den kostu emendatzea, hala ere, nahi dugu ahalik eta txikiena izatea herritarrei ekarriko dien eragin fiskala". Horrela, ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ) batez beste euro bat eskas garestituko dela azpimarratu du. Adibide aipatuta, urteko garestitzea 3 eurokoa izango da Uretamendin, 5 eurokoa Begoñan eta Otxarkoaga-Txurdinagan, eta 6 eurokoa Deustun. 

Berrikuntzen artean, berreskuratu egingo dute kide anitzeko familientzako OHZaren hobaria, eta ehunekoak ere bereizi egingo dira katastro-balioen arabera, salbu baliorik handienekoen kasua. Udalaren kalkuluen arabera, 1.500 familia ingururi egingo die mesede neurriak. 

Horrez gain, orain arte egiten ez bazen ere, pisu turistikoei etxebizitza hutsen gaineko errekargua (% 25) aplikatuko zaie. Halaber, Zorrotza Puntan ikus-entzunezkoen ekoizpenarekin zerikusia duten instalazioak eraikitzeko neurriak hartuko dituzte. 

Igoeren artean bada salbuespena: ostalaritzaren kasuan, eutsi egingo zaie terrazen gaineko tasei, baita espazioa okupatzen denean (aldamioak edo hesiak jarrita) kobratzen diren tasei ere.

EAEn tasak igo dituen bigarren hiriburua da Bilbo. Hilabete hasieran, Donostiako Udalak antzeko igoera iragarri zuen: % 4 garestitu zituen Higiezinen eta Zirkulazio zergak, eta % 5 ur eta hondakinen tasa eta TAO zerbitzua.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena