Krisi Ekonomikoa
Erkidegoen erreskatea
Murtziak 300 milioi euroko erreskatea eskatuko dio Estatuari
Erredakzioa
Murtziako presidenteak ohartarazi duenez, "baldintzak oso zorrotzak izango dira, inork ez digu dirua oparituko". Valentziaren ostean, Estatuaren erreskatea eskatu duen bigarren erkidegoa da.
Murtziako Gobernuak 200 eta 300 milioi euro bitarteko finantza-laguntza eskatuko dio Estatuari, Ramon Luis Valcarcel Murtziako Gobernuko presidenteak iragarri duenez. "Noski, hori egiteko irrikitan gaude, irailerako dirua eskuragarri izatea espero dugu", adierazi du.
'La Opinion' kazetari eskainitako elkarrizketan Valcarcelek ohartarazi duenez, "baldintzak oso zorrotzak izango dira, inork ez digu dirua oparituko". "200 eta 300 milioi euro bitartean eskatuko ditugu baina oraindik ez dugu kopurua zehaztu", azaldu du. "Autonomia erkidego guztietan sartu dute berez eskua", nabarmendu du Valcarcelek, "ezarritako defizita betetzen ez badugu, Estatuak muturreko erabakiak hartzera behartzen gaitu: horra hor esku-sartzea".
Hala ere, Murtziako presidenteak azaldu duenez, "ez dira beltzez jantzitako gizonak gurera etorriko, eta ez gaituzte ere gure bulegotik botatako". Dimisioa aurkeztuko ote duen galdetu dio kazetariak, eta Valcarcelek aukera hau errefusatu du. "Zapaterok eta Rajoyk ere dimisioa aurkeztu beharko zuketen", esan du.
Valentzia, erreskatatuko duten lehena
Valentziako Gobernuak erkidegoen likidezia poltsari atxikitzea eskatu du, 2012ko ekitaldiaren gastuei aurre egiteko. Horrela, Estatuak ezarritako finantza-eginbeharretara eta baldintzetara egokitu ahal izango da. Oraindik ez dute kopuru zehatzik aipatu, baina Jose Ciscar Valentziako Gobernuko kontseilariak esan duenez, eskatutakoa nahikoa izango da zorrak kitatzeko.