Ekonomia
GREBA
EITB MEDIA
ELAk eta LABek patronalak hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatu izana salatu dute, eta Arabako Foru Aldundiaren ekintzarik eza kritikatu dute.
Arabako zahar-etxeetako langileen protesta. Artxiboko argazkia.
ELA eta LAB sindikatuek bi greba egun berri deitu dituzte, ekainaren 29rako eta 30erako, Arabako egoitza pribatuetan, euren lehen lan-hitzarmena negoziatzea blokeatuta dagoela salatzeko, astelehen honetan ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Biek ala biek esan dute adinekoen egoitzetako langileak "jo eta su" ari direla lanean, aldi berean lan bat baino gehiago egiten, eta "beharrak eragindako gaitzekin horietako asko". Hain zuzen ere, azpimarratu dute lanaldi oso luzeak dituztela, eta geroz eta zailagoa egiten zaiela hilabete bukaerara iristea, "lanean buru eta bihotz ari badira ere".
Gauzak horrela, greba deialdietan salatuko dute 1.000 euro inguruko soldatak eta "ratio onartezinak" dituztela, eta urtean 1.792 orduko lanaldia dutela, "hori guztia Arabako Aldundiren onespenarekin".
ELAk eta LABek Bizkaiko erresidentzietako langileen baldintza berberak nahi dituzte (urtean 1.592 orduko lanaldia eta 1.480 euroko soldata).
CREA, LARES, CEA EUSKADI patronalek hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatu dutela salatu dute bi sindikatuek. Patronala "otsailaren 21etik dabil mahai gainean sektoreko beharretara hurbiltzen den negoziazio proposamenik jarri gabe, eta, are gehiago, azken proposamen hori ez da nahikoa", adierazi dute.
Era berean, Arabako Foru Aldundiaren ekintza falta kritikatu dute. "Aldundia ere bada hitzarmena blokeatzearen erantzulea; izan ere, bitartekaritzatik eta negoziazioa erraztetik urrun, beste alde batera begiratzen du, eta ez du sektoreko langileen lan- eta bizi-baldintzen erantzukizunik hartzen", azpimarratu dute.
Hortaz, blokeo horren aurrean, kalera ateratzea eta bi mobilizazio deitzea erabaki dute. Lehenengoa ekainaren 29an izango da, 11:00etan, Plaza Barritik abiatuta. Bigarrena, berriz, ekainaren 30ean izango da, 11:00etan, eta Albertia Campusetik aterako da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa