10:39

Ekonomia

LAN-GATAZKA

37 hobekuntza jasotzen dituen proposamena igorri die Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzako sindikatuei

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Gaur igorri die proposamena, eta ostiralerako Ertzaintzaren Negoziazio Mahaiaren beste bilera batera deitu ditu ErNe, ESAN, EUSPEL eta SiPE sindikatuak. 18 milioi eurotik gorako kostua dute neurriok. Josu Erkorekaren hitzetan, "neurriak oso positiboak dira Ertzaintzaren sektore askorentzat".

  • Ertzaintzako sindikatuen protesta baten irudia.

    Ertzaintzako sindikatuen protesta baten irudia. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ertzaintzan lehertu den lan-gatazka bideratze aldera, Eusko Jaurlaritzak beste proposamen bat igorri die gaur sindikatuei: 37 neurri jaotzen ditu dokumentuak, ertzainen "lan-baldintzak hobetzeko". Horien inguruan hitz egiteko hitzordua ere jarri die Ertzaintzaren Negoziazio Mahaian dauden ErNE, ESAN, EUSPEL eta SiPE sindikatuei: datorren ostiralean izango da, ekainaren 23an, 09:30ean, Erandioko egoitza nagusian.

Ertzaintzaren kolektibo osorako ez ezik, alor jakinetarako "hobekuntzak" ere daude Gasteizko gobernuak mahai gainean jarri duen dokumentuan, besteak beste, ikerketa kriminalean, genero-indarkeriaren esparruan, segurtasuneko taldean edota erreskate unitatetan lanean ari direnentzako "neurri espezifikoak" jasotzen baititu. 

Bizkaia Irratian goizean egindako elkarrizketan aurreratu du albistea Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, eta bertan esan duenez, "neurri oso positiboak" dira, "Ertzaintzaren egoera eta lan-baldintzak" hobetuko dituztenak. "Errealismoan eta erantzunkizun instituzionalean" oinarritutako proposamena dela erantsi du, eta gaineratu du 18 milioi euroko kostua dutela bertan jasotako neurriek.

Proposamenak jasotzen dituen hobekuntza orokorrak:

- Mentoring programa berria: 55 urtetik aurrera eta 60 urterekin erretiroa hartu bitartean, adinagatik jarduera modulatzen hasi nahi duten agente guztientzat diseinatua. Besteak beste, urteko lanaldia murrizteko edota gaueko lan-txandatik salbuesteko eta arriskutsuak izan daitezkeen lanak ez egiteko aukera. 

- Hobekuntza ekonomikoak: % 10eko igoera gaueko txandako, asteburuetako eta jaiegunetako osagarrietan, % 20ko igoera librantza-egunetan lan egindako aparteko orduen zenbatekoan, eta % 20ko igoera kirola egiteagatik eta egoera fisiko onean egoteagatik urteko kalte-ordainean.

- Beste hobekuntza batzuk (prestakuntza, denbora librea eta kontziliazioa): 50 orduko baimena gaixotasun larria duten lehen mailako familiartekoak edo bizikide dituzten bigarren mailako familiartekoak artatzeko edota lanaldi-murrizketak gaixotasun kronikoa duten familiartekoak zaintzeko.

Hobekuntzak 4 kolektibo jakinentzat:

- Ordutegi malgua duten ikerketa taldeak: Ikerketa batean lanean ari diren eta zerbitzuan 7 egunetan jarraian egon behar duten agenteen kasuan, hobekuntzak egongo dira librantza-orduetan nahiz aparteko orduen eta dietan ordainsariei dagokienez. Ikerketa amaitzen denean, pertsona horiek zerbitzurik gabeko bi egun izango dituzte.  

- Osagarri berria Zaintza eta Erreskate Unitateko taldearentzat: Erreskate batean parte hartzeko helikopteroan mugitu behar duten bakoitzean, 45,8 euro gehiago kobratuko dituzte.

- Osagarri berria Babeseko eta Segurtasuneko Unitateko agenteentzat: Urtean 6 asteko eta egunean 8 orduko entrenamendu ebaluatua programatuko da, eta entrenamendu egun bakoitzeko 40,9 euro jasoko dituzte.  

- Genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloko taldeak: Genero-indarkeria eta etxeko indarkeria kasuen jarraipena eta kontrola egiteko langileen kopurua zabaltzea proposatzen da, horretarako lanpostuen zerrenda moldatuz. Eginkizun horietara bideratutako agenteen kopurua handituz, agente bakoitzak bere kargura duen espediente kopurua murriztu nahi dute, gaur egun agente bakoitzak batez beste dituen 75 espedienteetatik gehienez ere 55era jaisteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena