Itxi

Ekonomia

Arabako auzitegia

Guztira 20 urte baino gehiagoko espetxe zigorrak eskatu ditu Fiskaltzak Tubacexeko protestengatik

I. R. | EITB Media

Hurrengo epaiketa ekainaren 15ean izango da, Gasteizen, eta akusatuari elkartasuna erakusteko eta absoluzioa eskatzeko elkarretaratzea egingo dute, 09:30ean, epaitegiaren aurrean. Hurrengo epaiketak irailean izango dira, oraindik zehazteke dauden egunetan.

  • Ertzaintzaren esku-hartzea, Tubacexeko protesta baten artxiboko irudian: EFE

    Ertzaintzaren esku-hartzea, Tubacexeko protesta baten artxiboko irudian: EFE

Tubacexeko grebaren ondoriozko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa gehienek data badutela azaldu dute gaur enpresako langileek. Zehazki, lehenengoa datorren ostegunean izango da, ekainaren 15ean, 10:15ean, Gasteizen; hurrengoetarako, aldiz, irailean jarri dituzte datak.  Hala, elkarretaratzea deitu dute lehenengo epaiketaren egunerako, ostegunerako, 09:30ean Gasteizko epaitegiaren aurrean.

Datorren asteko prozesuan, langileek zehaztu dute beharginetako batek aurre egin beharko diola 21 hilabeteko kartzela zigor eskaerari, 2021eko otsailaren 23an lantegiaren sarreran izandako protesten ondorioz. Horretan, gainera, prentsaurrekoan gogoratu dute euren kide horrek "betirako lesioa" duela besoan Ertzaintzak hura atxilotzeko momentuaren ondorioz. Azpimarratu dute egun horretan ertzainen jarduera "oso bortitza" izan zela, eta salatu dute "bereziki" bortizki jardun zutela langile hori atxilotzeko, arratsaldean, "nahiz eta tentsio-une gehienak goizerako amaituta zeuden".

Ildo horretan, deitoratu dute Ertzaintzaren jarduteko modua, egunotako ertzainen eta Tubacexeko langileen protesten kontra egindako esku-hartzeak eta erabilitako indarkeria nabarmen ezberdinak izan direlako.

Iraileko auzien kasuan, Aiaraldeko beste enpresetako langileak epaituko dituzte, eta horien kontra Fiskaltzak lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor bana eskatzen duela iragarri dute. Halaber, epaiketa horiei guztiei Tubacexeko beste bi langileena gehitu behar zaie, "oraindik dataren zain daudenak".

Guztira, eskaera guztiak batuta, 20 urte baino gehiagoko espetxe zigorrak eskatu ditu Fiskaltzak. Hala ere, prentsaurrekoan batutakoek gogoratu dute Tubacexeko grebari lotutako lehenengo epaiketan, iaz izandakoa, langile akusatua absolbitu egin zuela epaileak, baita "Ertzaintzaren gezurrak agerian utzi" ere.

Eskaerei lotuta, Tubacexeko langileek azpimarratu dute deigarria dela Fiskaltzak egindako eskaeren arteko aldea enpresako langileak direnen eta ez direnean. Azken horiei lotuta, deitoratu dute gehiegizko zigorrak direla, eta salatu dute Ertzaintzak behin eta berriro egindako ahaleginen parte direla, "protestetan gertatutako istiluak grebarekin zerikusirik ez zuten herritarrek sortu zituztela irudikatzeko asmoz". Ildo horretan, grebarekin elkartasuna adierazi zutenek pairatutako "polizia muntaia eta kriminalizazioa" salatu dute.

Espetxe zigor eskaerez gainera, "errepresio ikusezina" ere egon dela azaldu dute gaur prentsaurrekoan batutakoek, Mozal Legearen bidez bideratutako isun ekonomikoak mahai-gaineratuta: "Laudioko Udaltzaingoak 3.000 euroko bi isun jarri zituen, eta Ertzaintzak beste hainbat mila eurotako zigorrak tramitatu zituen".