Itxi

Ekonomia

EUROPAKO BANKU ZENTRALA

Interes tasak % 0,25 igo ditu Europako Banku Zentralak

EITB Media

Iazko uztailean hasi zen Europako Banku Zentrala interes tasak igotzen. Harrezkero, zazpi aldiz igo ditu jarraian tasak, % 0tik hasi eta % 3,75eraino.

  • Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

    Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasak igotzeko erritmoa moteldu du eta % 0,25 igo ditu tasak, % 3,75eraino.

Inflazio orokorrak azken hilabeteetan behera egin badu ere, EBZko Gobernu Kontseiluak ohar bidez adierazi du prezioen gaineko azpiko presioa "handia" dela eta inflazio aurreikuspenak "altuegiak" direla.

Aldi berean, azpimarratu du aurreko interes igoerak eragina izaten ari direla euroguneko finantzazio eta moneta baldintzetan eta ikusteke dagoela zer nolako ondorioak izango dituzten ekonomia errealean.

Halaber, Europako Banku Zentralak nabarmendu du prest dagoela bere tresna guztiak doitzeko epe ertainean inflazioa % 2ra jaisteko eta beharrezkoa den denboran maila horretan mantentzeko.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak esan du azpiko inflazioaren eboluzioak eta moneta politikaren transmisioaren intentsitateak baldintzatuko dituztela etorkizuneko erabakiak.

Iazko uztailean hasi zen Europako Banku Zentrala interes tasak igotzen. Harrezkero, zazpi aldiz igo ditu jarraian tasak, % 0tik hasi eta % 3,75eraino.

Mugarik gabeko igoera

Christine Lagardek azaldu duenez, interes tasen igoerari buruzko erabakia "erabateko adostasunez" hartu da. Are gehiago, Europako Banku Zentraleko presidenteak dio igoeraren aurkako iritzirik entzun ez zuela.

Horrekin batera, Lagardek berretsi du honako hau ez dela azken igoera izango, eta, beraz, EBZk bere interes tasak igoko dituela datozen hilabeteetan. Hala eta guztiz ere, ez du baieztatu noraino handituko dituzten, ezta muga zein den.

"Interes tasa nahikoa murriztailea zein den jakingo dugu bertara iristen garenean", esan du diru-erakundeko presidenteak.