Itxi

Ekonomia

Nafarroa

Bajan zegoen langile baten kaleratzea baliogabetu du Iruñeko epaitegi batek

EITB Media

Tratu berdintasunerako Espainiako legea aplikatuta Nafarroan eman duten lehen epaia da honakoa. Beharginak 9.700 euro baino gehiago jasoko ditu, bere garaian kobratu ez zuen alde baterako ezintasunaren subsidioagatik eta kalte ordainagatik.

  • Nafarroako Justizia jauregia.

    Nafarroako Justizia jauregia. Artxiboko argazkia: EITB

Iruñeko Lan arloko 3. zenbakiko Epaitegiko magistratuak baliogabe jo du gaixo eta bajan zegoen langile baten kaleratzea; hartara, enpresak berriz onartu beharko du.

Espainiako Gobernuak iazko uztailean onartu zuen tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako lege integrala, eta lehen aldiz, hura oinarri erabaki du Nafarroako epaitegi batek.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez, beharginak 2.201 euro jasoko ditu bere garaian kobratu ez zuen alde baterako ezintasunaren subsidioengatik eta beste 7.500 euro, kalte ordainagatik. Langileak gidari jarduten zuen izoztutako arraina eta mariskoa garraiatzen zuen enpresa batentzat. kaleratzea uztailaren 14an egin zuen enpresak—araudia indarrean sartu eta bi egunera—.

Epaia ez da irmoa eta helegitea jar daiteke Auzitegi Nagusian. Epailearen arabera, "nahikoa zantzu daude egiaztatzeko enpresak hartutako erabakia diskriminatzailea izan zela". Emandako arrazoien artean, honakoak aipatu ditu epaian: lanean egon zen denboran, beharginak ez zuen kontratu urraketarik egin, eta ez zen errendimendu faltarik atzeman. Gainera, kaleratzeko erabakia eta baja "denboran oso gertu" izan zirela azpimarratu du epaileak. Horrenbestez, kaleratzea "iruzurrezkoa eta oinarririk gabekoa" izan zela ebatzi du.

Epailearen iritzian, kaleratzea "langilearen gaixoaldi eta bajak eragin zuen".