Ekonomia
Prezioak
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Erregaien prezioak izan ziren lehendabizi, Ukrainako gerraren ondorioz sortutako hornidura falta ondoren, eta orain lehortea dator. Elikagaiak merkatzea zaila izango da, euria egiten ez badu.
Erosketak egitea buruhauste handia bilakatu da aspaldian familia askorentzat, elikagaien prezioek gora eta gora egin baitute 2021eko udazkenetik. Lehendabizi, Covid 19aren pandemiaren ondorengo garraioen blokeoa eta erregaien prezioen igoera izan zen arrazoia. Ondoren, Ukrainako gerraren ondorioz, zereal eta ongarrien eskasia etorri zen.
Azken urtean, olioen salneurria % 30 baino gehiago hazi da, arrautzena eta esnearena % 25, ogia eta zerealena % 19 baino gehiago, eta abar.
Elikagaien prezioak 2022an.
Urte hasieran, Gobernuak elikagai batzuen BEZa jaitsi zuen. Ondoren, erregaiak eta ongarriak ere merkatu dira. Horrek guztiak elikagaien prezioen gorakadaren amaiera zetorrela pentsarazi zigun, baina beste faktore bat sartu da orain tartean: lehortea.
Lehen begiratuan, berde kolorez jantzita ikusten ditugu Arabako hainbat bailaratako soroak. Gertuagotik begiratu ondoren, ordea, argi ikusten da gari, garagar edota koltza sailak egarriak daudela.
Bailara askotan, dagoeneko galdutzat eman dituzte labore horien uztak. Garlan kooperatibako teknikaria den Josu Hernandez Argoteren hitzetan, gutxienez, iazkoa baino % 40 urriagoa izango da aurten zerealen uzta. Koltzaren kasuan, berriz, Gaubea inguruan, % 100a galdu dute.
Bestetik, udako laboreak (patata, erremolatxa, lekaleak…) ereiteko garaian murgilduta daude nekazariak. Horien soroak ureztatu egin behar izaten dira. Alabaina, iazko urtea eta joan den negua oso lehorrak izan dira, eta urtegiak garai honetan ohikoa dena baino hutsago daude. Aurrerantzean euria egiten ez badu, argi dago ez dela ur nahikorik egongo normalean ereiten diren hektarea guztiak ureztatzeko.
Egoera honetan, gutxiago ereiten ari dira nekazari asko. Badaezpada ere, ahalik eta inbertsio txikiena egitea erabaki dute, egon litezkeen galerak jasan ahal izateko. Gero itxaron egin beharko da ereindakoak uzta emango duen ala ez ikusteko. Baina dagoeneko jakina da hurrengo hilabeteetan gure lurretako garia, garagarra, ilarra, patata, erremolatxa eta lekale gutxiago izango dela merkatuan.
Ingurumari honetan, ekonomian adituak direnek gauzak argi dituzte. Merkatuaren oinarria den eskaintza eta eskariaren printzipioa betetzen bada, zaila izango da elikagaien prezioek beheranzko bidea hartzea hurrengo hilabeteetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa