Ekonomia
ARABAKO ERRIOXA
EITB MEDIA
Argudiatu dutenez, "ez da egiaztatu Errioxako jatorri-izenak izango lukeen balizko kalte konponezina".
'Arabako Mahastiak' eta Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) berraztertze-helegitea jarri dute gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako ebazpenaren aurka; izan ere, bertan behera utzi dute kautelaz Eusko Jaurlaritzak deiturari bere ardoak merkaturatzeko eman zion baimena.
Ines Baigorri ABRAko zuzendariak Europa Pressi azaldu dionez, elkarte horrek eta 'Arabako Mahastiak'eko Kontseilu Arautzaileak helegitea aurkeztu dute erabaki horren aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Bi elkarteek argudiatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaian ez dela "justifikatzen" izendapen hori aitortzeak Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuari (JDKa) "kalterik" eragiten dionik.
Errekurtsoan azpimarratzen denez, ebazpenean "ez da egiaztatu Errioxako JDKk planteatutako eskaera onartzea ahalbidetuko lukeen balizko kalte konponezina".
Gainera, beren jarrera defendatzeko prozedurazko eta eskumeneko hainbat gai aipatzeaz gain, eta argudiatzen dute 'Rioja' eta 'Arabako Mahastiak' izenen baldintza-agiriek agerian uzten dutela bi zigiluek babestutako ardoak "desberdinak" direla.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak "Arabako Mahastiak" etiketa erabiltzeko aukera behin-behinean bertan behera uztea erabaki du, Europar Batasunetik behin betiko erabakia iritsi arte. Epaitegiaren arabera, erabaki honek "ez dio kalte larririk egiten" sor-marka berriari, azken erabakia etorri arte zeukan "babesa atzeratu besterik ez" baitu egiten.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 2022ko urriaren 7an onartu zuen agindua utzi du bertan behera Auzitegiak. Agindu hartan, "Arabako Mahastiak" izendapena baimendu eta sor-markari behin-behineko babesa eman zion Jaurlaritzak. Aginduak argi utzi zuen behin-behinekoa zela, Europar Batzordeak gaiari buruz erabakia hartu bitartekoa.
"Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak Eusko Jaurlaritzaren arau hori epaitegietara eraman zuen, eta behin-behinean bertan behera uztea eskatu. Sor-marka berriak "ardo mota berberak, ezaugarri berberak dituztenak eta mahasti berberetatik datozenak" hartuko dituela argudiatu zuen. Horrek "kontsumitzailea nahastuko" duela eta "atzera-bueltarik gabeko kalteak" eragingo dituela adierazi zuen.
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute "errespetatu" egiten dutela Auzitegi Nagusiaren erabakia, baina gaineratu du eutsi egiten diotela Arabako Mahastiak deituraren aldeko babesari, eta espero duela Europako Batzordeak "lehenbailehen" ebaztea auzia.
"Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea, aldiz, pozik agertu da, baina zuhurtziaz hartu du, "gaiaren funtsari buruzko epaia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dagoelako", "Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikatuak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa