Ekonomia
ARABAKO ERRIOXA
Euskadiko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du behin-behinean 'Arabako Mahastiak' sor-marka
EITB MEDIA
Epaiaren arabera, sor-marka hori erabiltzeko baimena bertan behera uzteak "ez dio kalte handirik egiten" sor-markari, Europar Batasunak behin betiko erabakia eman arteko "babesa atzeratu besterik ez" baitu egiten.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak "Arabako Mahastiak" etiketa erabiltzeko aukera behin-behinean bertan behera uztea erabaki du, Europar Batasunetik behin betiko erabakia iritsi arte. Epaitegiaren arabera, erabaki honek "ez dio kalte larririk egiten" sor-marka berriari, azken erabakia etorri arte zeukan "babesa atzeratu besterik ez" baitu egiten.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 2022ko urriaren 7an onartu zuen agindua utzi du bertan behera Auzitegiak. Agindu hartan, "Arabako Mahastiak" izendapena baimendu eta sor-markari behin-behineko babesa eman zion Jaurlaritzak. Aginduak argi utzi zuen behin-behinekoa zela, Europar Batzordeak gaiari buruz erabakia hartu bitartekoa.
"Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak Eusko Jaurlaritzaren arau hori epaitegietara eraman zuen, eta behin-behinean bertan behera uztea eskatu. Sor-marka berriak "ardo mota berberak, ezaugarri berberak dituztenak eta mahasti berberetatik datozenak" hartuko dituela argudiatu zuen. Horrek "kontsumitzailea nahastuko" duela eta "atzera-bueltarik gabeko kalteak" eragingo dituela adierazi zuen.
Epaitegietara eramandako txosten batean azaldu zuen "Arabako Mahastiak" sor-markak "Errioxa" sor-markari sortuko lizkiokeen kalteak handiak izango liratekeela, Europako Batzordearen behin betiko erabakia "berandu iritsiko delako, konpetentziaren aurkako esku-hartze publikoak merkatuan bere ondorioak utzi ondoren, eta interes orokorrari egindako kaltea konpontzerik ez dagoenean".
Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, berriz, "sor-marka berria izango duten ardoak ezingo dira muga nazionaletatik harago saldu; beraz, kalteak ez dira handiak". Horrez gainera, "ez dago Errioxako ardoekiko konpetentzia desleialik", "ez da bi sor-marken arteko nahasmenik sortuko", "ez dago jatorri bera edo itxura bera emateko asmorik" eta "ez dago 'Errioxa' sor-markaren izen ona bidegabe baliatzeko asmorik". Administrazioaren argudioen arabera, "nabarmenak dira bi figurak ezberdintzen dituzten elementuak".
Alabaina, EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazio Auzietarako Salaren 2. atalak ez du bat egin Jaurlaritzaren argudioekin. Kaleratutako ebazpenaren arabera, sor-marka berriarekin ardoa saltzea baimentzen bada, "kontsumitzailearengan nahasmena sortzeko arriskua handia da"; izan ere, "gune geografiko berean, batzuetan elkarren ondoan dauden lur eremuetan ekoitziko lirateke bi marketako ardoak" eta "ardoaren kategoriak, gidatze-sistemak, sailen dentsitatea eta enologia-praktikak ere berberak lirateke".
"Arabako Mahastiak" sor-markako ardoa Arabako Errioxako jatorrizko izendapena merkaturatzeko asmoa zuen 2024tik aurrera, azken uztaren ekoizpenarekin.
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute "errespetatu" egiten dutela Auzitegi Nagusiaren erabakia, baina gaineratu du eutsi egiten diotela Arabako Mahastiak deituraren aldeko babesari, eta espero duela Europako Batzordeak "lehenbailehen" ebaztea auzia.
"Arabako Mahastiak" sor-markaren Kontseilu Arautzaileak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela babestu. Emilio Aguillo Arabako Mahastien Zuzendaritza Batzordeko presidentea haserre agertu da Eusko Jaurlaritzarekin, eta "borroka honetan amore eman du", adierazi du. Aurreratu duenez, gaur bertan aurkeztuko dituzte autoaren aurkako alegazioak.
Arabako Errioxa Upeltegien Elkarteak ere autoa deitoratu du, eta gaur bertan alegazioak aurkeztuko dituela iragarri du. Elkarteak Eusko Jaurlaritzari aurpegiratzen dio Errioxa Jatorri Deiturari aurka egiteko behar adina txosten eta argudio aurkeztu ez izana. Ines Baigorrik, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio ez dietela alegazioen aurkezpenean parte hartzen utzi, beraiek izan arren egoeraren berri dutenak.
"Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea, aldiz, pozik agertu da, baina zuhurtziaz hartu du, "gaiaren funtsari buruzko epaia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain dagoelako", "Errioxa" Jatorri Deitura Kalifikatuak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.