Itxi

Ekonomia

Abiadura handiko trena

Makroeskualde Atlantikoa sortzearen alde daudela adierazi dio Frantziako enbaxadoreak lehendakariari

Agentziak | EITB Media

Urkullu Frantziako eta Portugalgo enbaxadoreekin elkartuko da, Arku Atlantikoaren interkonexioak aztertzeko. Frantziako Garraio ministroarekin bilera bat errazteko konpromisoa hartu du Jean-Michel Casak. Era berean, João Mira-Gomes Portugalgo enbaxadorea proiektua babesteko prest agertu da.

0:39
Lehendakaria Frantziako eta Portugalgo enbaxadoreekin

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Frantziako eta Portugalgo enbaxadoreekin bildu dira Madrilen, Arku Atlantikoaren interkonexioak hizpide.

Lehen bileran, Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, Makroeskualde Atlantikoaren sorrera babesteko prest daudela agertu dio Jean-Michel Casa frantziar ebaxadoreak lehendakariari, presioa egin ahal izateko eta azpiegitura komunak finantzatzeko.

Lehendakariak Frantzia eta Portugalen babesa eskatu du Europan fatxada atlantiko osoaren interesak defendatuko dituen makroeskualde berri bat sortzeko proiektua bultzatzeko.

"Erabakiguneak Europar Batasuneko ekialderantz lekualdatzeko arriskua benetako arriskua da Atlantikoko herrientzat", eta erakunde berri hori sortzea "eskualdeen pisua Europan berriz orekatzen lagunduko duen osagaia" izango litzateke, lehendakariaren arabera.

João Mira-Gomes Portugalgo enbaxadorea proiektua babesteko prest agertu da, eta Frantziakoak ez du zailtasunik ikusten proiektua aurrera ateratzeko, Eusko Jaurlaritzak bileren ostean jakinarazi duenez.

Urkulluren hitzetan, Frantziak hidrogenoarekin, energiarekin eta trenbidearekin lotutako proiektuak azkartu behar ditu, Europa barneko Garraio Sarearekiko "konpromisoa" betez.

Frantziako Garraio ministroarekin bilera bat errazteko konpromisoa hartu du Casak, lehendakariak bere proposamenak zuzenean egin diezazkion.

Gainera, Urkulluk eta Portugalgo enbaxadoreak elkarrekin lan egiteko beharra ikusi dute, Iberiar penintsula eta Europa Atlantikoko fatxadaren bidez konektatuta egon daitezen, Portugalerako eta Europarako lotura naturala baita.

Euskadik, Nafarroak eta Akitania Berriak osatutako Euroeskualdeak martxoaren 20an bilera egin ostean, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen Frantziak Espainian duen enbaxadorearengana eta Europako Garraio komisarioarengana jotzeko asmoa zuela, ardatz atlantikoaren interkonexioak bultzatzeko.

Aurretik, martxoaren 13an, Urkulluk bilera egin zuen Gasteizen Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteekin. 'Lobby' edo presio talde bat bultzatzeko konpromisoa hartu zuten bertan, hiru lurraldeen interesak Europar Batasunaren aurrean defendatzeko trenbide eta energia loturen arloetan. Horretarako, EBk Makroeskualde Atlantiko gisa onartzea eskatuko zutela iragarri zuten.

Frantziako Gobernuak 2030etik 2042ra atzeratuko duela iragarri ostean, lehendakariak abiadura handiko trena Akizera iristeko epeak bete ditzala eskatuko dio Frantziako Gobernuari.

Lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi duenez, haserre dago Frantziaren jarrerarekin; izan ere, ohartarazi du horrelako gai batek ezin duela "hainbeste aldaketa eta inprobisazio" izan, "konpromisoak ez betetzea" leporatu die Frantziako eta Espainiako estatuei, eta horrek, bere ustez, oso modu negatiboan baldintzatzen ditu herri atlantikoen politikak.