Itxi

Ekonomia

LAN-GATAZKA BIZKAIAN

Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako langileak greban, irteera-operazio betean

EITB Media

Hegoaldeko Saihesbidean bi ordukoak izango dira lanuzteak, 18:00ak arte. Artxandako tunelak itxita egon dira bart, gutxieneko zerbitzuak ezarri ez direlako.

  • Artxandako tunelak itxita egongo dira grebak irauten duen bitartean.

    Artxandako tunelak itxita egongo dira grebak irauten duen bitartean. Irudia: Bizkaiko Aldundia

Transbisa enpresako —Bizkaiko autobideen enpresa emakidadunetako bat— langileak greban daude atzo gauetik, ELA eta CC.OO. sindikatuek deituta, Aste Santuko irteera-operazioa hastear dela. Bilbo hegoaldeko saihesbidean (Supersur) eta Artxandako tuneletan izaten ari dira lanuzteak. Bide horiek Transbisak kudeatzen ditu.

Irteera-operazioari bakarrik ez, Bilbo hegoaldeko saihesbidearen eta AP-68ren arteko Arrigorriagako lotunearen inaugurazioari ere bete-betean eragin dio mobilizazioak, ia lau urteko lanen ondotik, gaur zabaldu baitute bidea.

ELAk ohar batean jakinarazi duenez, bi orduko tartearekin egingo dituzte lanuzteak Supersurren, atzoko 21:30ean hasi eta 18:00ak arte.

Artxandako tuneletan, berriz, 00:00etatik 06:00etara egin dute geldialdia. Hain justu, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi du gutxieneko zerbitzurik ez dela ezarri, eta ondorioz, Artxandako tunelak itxita egon direla.

Greba deitu duten sindikatuek salatu dute hitzarmenen negoziazioa "trabatuta" dagoela eta lan-baldintzak okertzen ari direla. Enpresaren helburua "murrizketak modu orokortuan" ezartzea dela erantsi dute. "Transbisaren interes bakarra lanpostuak automatizatzea, ordainlekuetako langileak kentzea, mantentze lanetan murrizketak egitea eta, oro har, kolektibo guztietan murrizketak aplikatzea da", dio hitzez hitz oharrak.

Halaber, "baldintza-agirien marjina urria" argudiatuz, enpresak hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" duela azaldu dute sindikatuek.

Agertoki horren aurrean abiatuko dituzte protestak, "lan-baldintza duinak" aldarrikatzeko. Besteak beste, lanpostuak bermatzea eta erreferentziak aintzat hartuta KPI indizea igotzea exijitzen dute.